Egunotan hasi da Madrilen 28 gazteen aurkako epaiketa. 5 ez dira agertu, Loiolan epaiketen kutsu politikoa salatzeko Herri Harresia antolatzea erabaki dute. Halakoetan zaila egiten da justiziaz mintzo diren epaile eta demokratak burura ez ekartzea. Jakina da, norberak bere esperientziatik bizi dituela tamaina iruzurrak, eta neurri berean eraikitzen duela haien aurreko jarrera politikoa.
Amurrion izan nintzen ostegunean, Audientzia Nazionalak deitutako beste zirku baterako deklaratzen. Eta hara non, frogen artean, Idoia Iragorriren askatasuna eskatzen zuen askegunearen kartela elkarbanatu izana aurkezten zuten, Segiko kidea izateagatik epaitua, eta bigarren mailakoa bada ere, gerora absolbitua. Venezuelako gobernuari Asier Guridi askatzeko eskatzea edota hiruna preso kartzelan erail izana salatzea debekuaren orri berdinean legislatzen dira: demokrazia eta adierazpen askatasunaren atalean.
Izan ere, erredukzionismo espainiarrean, berdin da eskubide baten falta salatzea eta sufritu duenaren ibilbide politikoa goratzea. Berdin da kartzelaren funtzioen kritika egitea eta kartzelaratuaren ekintzekin bat etortzea. Delitua da epaitua izan ez den pertsona baten absoluzioa eskatzea, errugabetasun-presuntzioa ezagutzen ez duen usain arrarodun estatu demokratiko honetan.