Untzueta mendian zegoen gaztelua Nafarroako Erresumarena zela ezagutarazteko ekitaldiak antolatu ziren apirilean. Denen gustukoak izan ez eta Aiaraldearen orrialdeetan ekimenak erridikulutzat jo eta “historia modu txapuzero batean manipulatzeko beharra” (sic) ikusi duenik ere dugu, geure hedabideak interneten eskegitako bideoa kari.
Bada ez bada bideoa berrikusi ostean, bestelako iritzia adierazi gura dut. Bizitza erdia pasatu dut Malmasin mendiaren pean; egun pitxitxi guztiak ezagutzen du... lau gurpildun munstroentzako tunelagatik baina historia ofizialak izkutatu egin digu tontorrean Nafarroako Erresumaren gaztelua zegoela. Azken urteetan Untzuetapean bizi naiz eta atzo goizera arte izkutatu egin digute beste nafar gaztelu bat zegoela.
Lekuz kanpokoa da frantses edo espainol jakobinoekiko konparazioa; frantses eskolak nos ancêtres les gaulois euskaldun, korsikar edota tahitiarrei “irakasten” dienean gezur azientifiko galanta bultzatzen du, aldiz Malmasinen eta Untzuetan Nafarroako Erresumako gazteluak egon ziren esatea zuzen eta zientifikoa da, Historia disziplina zientifikoa den heinean. Zinez harritzen nau historialari batek ikerketa historiko sendoak mespretxatzeak.
Ez ditzagun planoak nahas; herri baten etorkizuna historian baino ez oinarritzearekin ez nator bat. Egungo herritarrek erabaki behar dugu geroa; Eslovenia ez zen inoiz erresuma izan eta libreki erabaki zuten independente izatea, Eskozia luzaroan erresuma independentea izan zen eta Erresuma Batuan segitzea erabaki berri du, hitza hartzen utzi dietelako. Aldiz, Untzuetako ekitaldian ez dut historiakeria hori ikusi, soilik (hitzez hitz bideotik jasoa) “geure oroimen historikoa berreskuratzeko” ahalegina, eta horri zilegi eta osasuntsua deritzot.
Hori dela eta, aipatu ekitaldiak erridikuluak barik neuk eskertu egiten ditut, neure bizitzaren ardatza izan diren lekuen ezagutza eta pertzepzioa aberastu egin didatelako. Eta orain goazen XXI. Mendeko euskal herritarrak geure geroaren jabe izan gaitezen borrokatzera.