Zirimiriaren modura ari da LOMCE legea hezkuntza sistema zipriztintzen, hori da Madrileko eta Gasteizko gobernuek aplikaziorako adostu duten estrategia. Aplikazioa ez da aldaketa bortitzez jositako zaparrada izango, poliki-poliki bustiko gaituen zirimiria baizik.
Lehen Hezkuntzako ikasleek egunerokoan aldaketarik ez dutela nabarituko esaten duten bitartean, gure hezkuntza sistema propioaren eraikuntza erabat hipotekatuko duten erabakiak adostu dituzte; A, B eta D ereduak iraunarazi dituzte, adibidez, hala murgiltze ereduen garapenerako bidea itxiz.
Aiaraldean Gure Hezkuntza plataforman LOMCE ez aplikatzeko indarrak biltzen ari gara gelaz gela eta ikastetxez ikastetxe. Datozen hilabeteetan eskualdeko udal guztiei “LOMCErik gabeko herriak” ekimenarekin bat egin dezaten proposatzen duen mozioa luzatuko diegu, guztion artean gure hezkuntza sistema propioa eraikitzen lagundu behar digun estalkia osa dezagun.
Urriaren 11n hitzordua dugu hegoaldeko hiriburuetan LOMCEren aurrean Euskal Herrian gure hezkuntza eraikitzeko beharra kalejiratan aldarrika dezagun, Gasteizen 18:00etan Andra Mari Zuriaren plazatik eta Bilbon 17:30ean Jesusen Bihotzetik.