Untzuetan zegoen gaztelua Nafarroako Erresumarena zela ezagutarazteko ekitaldiak antolatu ziren apirilean. Ekimenean “historia modu txapuzero batean manipulatzeko beharra” (sic) ikusi duenik bada, Aiaraldeak egindako bideoa kari. Bideoa berrikusita bestelako iritzia dut.
Bizitza Malmasin eta Untzuetapean pasatu dut. Historia ofizialak ezkutatu digu bi tontorretan nafar gazteluak zeudela. Lekuz kanpokoa da jakobinoekin konparatzea; frantses eskolaren nos ancêtres les gaulois (gure arbaso galiarrak) euskaldunei “irakastea” gezur galanta da, aldiz Malmasinen eta Untzuetan Nafarroako Erresumako gazteluak egon ziren esatea zuzen eta zientifikoa da. Ez ditzagun planoak nahas; etorkizuna historian oinarritzearekin ez nator bat. Egungo herritarrek erabaki behar dugu geroa. Ekitaldian, ordea, ez dut historiakeria hori ikusi, zilegi den “geure oroimen historikoa berreskuratzeko” ahalegina baino; neure bizitzaren ardatza diren lekuen pertzepzioa aberastu didatelakoan nago.
Eta orain goazen XXI. mendeko euskal herritarrak geure geroaren jabe izan gaitezen borrokatzera.