Laudioko Euskararen jaian geure hizkuntzaren aldeko ekarpen nabariak burutu dituen norbait omendua izaten da urtero. Aurtengo ekitaldian, irailaren 27an burutu zen hartan, Berbalagun ekimena aukeratua izan zen. Hautaketa guztiz egokia iruditzen zaidana. Ni euskaldun berria nauzue. Zoritxarrez, ordea, euskaltegian hainbat ordu sartu nituen garai hartan, Berbalagun bezalako ekimenik ez zegoen eta faltan sumatu genuela zin egiten dizuet.
Edozein hizkuntza ikasteko bide bakarra, berau ahotan ibiltzea da inolako zalantzarik gabe. Bada, gure herri maitatu honetan euskaldun batekin aritzeko parada izatea nahiko gatza suertatzen denez, Berbalagun bezalako ekimen bat ezinbestekoa dugu. Beste alde batetik, noizean behin Laudioko kale zein tabernetan maite dugun hizkuntza entzuteko aukera izatea izugarria da. Gaur egun herrian hainbat talde ditugu ekimen honetan parte hartzen dutenak, geurean astero giro euskalduna bermatzen dutenak, ez da gutxi! Gainera, berbalagunen esku hartzen duen taldea guztiz autonomoa dela gogoratu beharra dago. Talde bakoitzak bere dinamika ezarriko du gustuko dituen zaletasunetan ibiltzeko, beti ere euskaldun oso bat partaide delarik. Helburua era jostagarrian mintzapraktika bultzatzea baita. Doan gainera!