Gau eskolak, ikastolari bultzada emateko taberna, bi urterik behin Euskal Herria korrikan jartzen zuen jaia, ikasleekin asteburu pasak… Askotarikoak izan ziren duela hamarkada gutxi batzuk gure herrian, mendeetan zehar bizirik zirauen hizkuntza bat ez galtzeko eta mugaz gaindi, gure NAN, EHNA edota pasaporte zen txartelaren iraungitze data luzatzeko aurrera eraman ziren ekimenak.
Ekimen horien atzean, baziren pertsonak ere, gau eskolako irakasle eta ikasleak, tabernan txandetan aritzen zirenak, furgonetako gidaria edota asteburu pasa ikasleekin zihoan irakaslea. Guzti hauek noski, anonimoak; Marta, Jesus, Andoni edo bigarren pisuko bizilaguna. Anonimo hauek ez dute kalerik jaso haien herrietan, publikoki gutxitan goraipatu da haien ezkutuko lana, baina, tartean, haiei esker dugu gaur 800 ikasle inguruko ikastola eta gure herri maitea apurka-apurka euskalduntzen joan izana, haiek, nagusitzen joan diren heinean.
Lerro apur hauek ez dute balioko pertsona horiek euskara putzutik ateratzeko egin zituztenak kontatzeko, bai ordea herriko eta eskualdeko gazteei gogorarazteko gu izan garela lan horren fruitua jaso dugunak eta gure esku dagoela etorriko direnek jasotzeko aukera izaten jarraitzea.