Istorioak guzurtruk

Erabiltzailearen aurpegia Iritzi Gutunak 2014ko aza. 21a, 12:51

Edorta historialariak Untzuetan Nafarroako erresumaren gaztelua egon zela ezagutarazteko ekitaldien berri izan eta erridikulua iruditu zitzaizkion; “erridikulu” kontzeptua subjektiboa denez ez dut ezer esateko, baina horrez gain “historia modu txapuzero batean manipulatzeko beharra” ikusi zuen. Frantses eskola jakobinoaren “gure arbaso galiarrak” esaldia bezain erridikulua iritzi zion, besteak beste.

Hau sinatzen duenak erantzun egin zuen, adieraziz lekuz kanpokoa iruditzen zitzaidala jakobinoekiko konparazioa: euskaldun, korsikar eta abarrei hori irakastea guzur-istorioa den bitartean, adibidez Untzuetan nafar gaztelua egon zela adierazten duen mugarria jartzea -Untzuetan nafar gaztelua egon zelarik- guztiz zilegitzat jotzen nuela, Edortari zentzugabea iruditu zitzaion arren.

Aiaraldearen 22. alean Edortak tresnatzat komikia hartu eta Untzuetako ekimenak parodiatuz “Elexazaharreko aztarnategi erromatar honetan bildu gara gaurkoan Aiaraldea garai batean Italia izan zela aldarrikatzeko...” idatzi du.Kar-kar, kur-kur, juas-juas. Baina behin barreak amaituta, sentitzen dut esatea bigarren konparaketa grazioso honekin Edorta historialariak dimisioa eman eta istoriolari bihurtu dela. Ezagutzen nautenek ondo dakitenez neu marrazten oso kaskarra naiz, beraz letrak dorpeki juntatzea dut arma bakarra.

Askok Batxilerretik dakigu -Edortak ere bai- Italia XIX. mendean sortu zela, neuk (erdaraz ezinbestean) “Las unificaciones de Italia y Alemania” moduan ikasi nuen. Beraz, erromatar aztarnak topatzeak (Elexazaharren, Alorian edo Laudion, Avnia gogoan) ez du esan nahi Aiaraldea Italia izan zela; erromatar inperioaren eraginaren presentzia baieztatzen du, ez besterik. Baten batek datu hori geure herria Erromatar Inperio Berpiztuaren zatitzat aldarrikatzeko erabiliko balu Historian oinarria izango luke; baina jakina da inperioak herrien gainetik eraikitako egiturak direla, horregatik aipatu aldarrikapena ez du inork egiten geure artean. Edozein kasutan Italiarekin ez dugu inoiz zerikusirik izan, impossible and guzurre da, txantxen eremuan geratu behar.

Aldiz, Untzuetan nafar gaztelua egon zela nafar erresumaren presentzia markatzen du, datu zientifikoa ezpairik gabe. Horixe aldarrikatzeak jenatu du Edorta, eta konparaketa xelebreei ekin.

Neu ez naiz historialari, akaso bai istoriolari; istorioak (h barik eta minuskulaz) oso gustuko ditut baina ez ditut erosiko Historiaren (h-z eta maiuskulaz) prezioan. Orduan Edorta, majo, azalduko al duzu behingoz zergatik uste duzun Untzuetan nafar gaztelua egon zela -hori datu historikoa izanik- ezagutaraztea “historiaren manipulazio txapuzeroa” dela? Zer esaten da hain kontundenteki kritikatzen dituzun ekitaldietan hori ondorioztatzeko?

Istorioak istorio, aurrekoan esana dut: geroa gure esku dago (azken hiru hitzak maiuskulaz ere laket ditut). Neuk, adibidez, lingua navarrorum deitu zuten hizkuntzaren herriaren, euskararen herriaren, Euskal Herriaren independentzia nahi dut. Eta zeuk, Edorta?

OHARRA: Barkatuko dit irakurleak euskarari lingua navarrorum deitu ziotela aipatzea, ez dut Historiaren beste manipulazio txapuzero bat egin nahi...

ERREFERENTZIAK:

http://www.aiaraldea.com/albisteak/untzuetako-gaztelua-nafarra-zela-aldarrikatzeko-ekimenak-antolatu-dituzte

SINADURA: Andoni Gorostiaga

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide