Kukuaren kuku hotsaren zain,
udaberrian kukuak kuku,
azkenean kukua kabiz kabi,
besteenak bereak bailiran,
udaberri urtaro berri,
kabietako kumeei begira.
Kukuaren kuku hotsaren zain,
kuku arrotzak gure kabiaren bila,
kimatutako kimuak udaberri atarian,
udaberri urtaro berri,
kabietako kumeei begira.
Kukuaren kuku hotsaren zain,
kimuak bildurik kabi berriak,
eroritako kumeei begira,
udaberriko urtaro berri,
kuku hotsaren zain beti?
Inoiz baino gehiago Euskal Herria aurrera, Iñaki eta besteak aurrera! Egun hauetan hastekoa zen epaiketa dela eta gure irakasle eta lankide den Iñaki Olalderi gure babesik, elkartasunik eta besarkadarik zintzoena helarazi nahi diogu. Euskal Herrian egun bizi dugun egoera honetan honelako epaiketa politikoek ez dute tokirik, konponbide garaia baita hau. Iñakiren lan eskerga azken hamarkada hauetan zehar beti joan da bide beretik, bizi dugun gatazka politikoaren konponbide baketsuaren bidetik, alegia.
Beraz, epaiketa honen zentzugabekeria salatzen dugu eta lehenbailehen Iñaki, eta beste guztiak, libre uzteko aldarria egin nahi dugu, etxean behar ditugulako, Ikastolan behar dugulako, libre.