Azken urteetan prozesu parte-hartzaileen gorakada bat eman da hainbat mailatan. Laudioko auzo asanbladetatik, azaroan Amurrioko udalak proiektu estrategikoen balorazioa egiteko bideratutako prozesuraino, gure ingurunean ere hazkundean dauden dinamikak dira. Dena den, nabarmena da ere dinamikak kritika asko jaso dituela, eta arrazoi osoz. Asanbladak kexak botatzeko esparru bihurtzea, eta gero eta jende gutxiagoren partaidetza duten toki bilakatu izana aspektu kritikagarriak dira duda barik. Baina honek ezin du gure jarduna apaldu behar edukitako esperientziak ez direlako hasieran uste bezain eraikitzaileak izan.
Gizartearen aldaketak, jauregiko aferak bezala, astiro doazen prozesuak dira, eta Euskal Herrian parte hartzeko aparteko grina dugun arren urte asko daramatzagu gure etxeetan eserita, politikariek zer egin esperoan. Demokrazia liberalak hori defendatzen duelako, “zuek arazo pribatuei so eginda geratu, elite politikoa garenok zuen arazo guztiak konponduko ditugulako”.
Eta hori aldatzeak pazientzia handia eskatzen du. Horregatik, parte hartzea patxadaz baina ekinez hartu dezagun!