Bizi dugun krisi sistemiko honek egunero kolpatzen gaitu, gazteok etengabeko prekarietate egoera batean bizi gara duela urteak, baina bide honetan pausoak eman ahala argi izpi bat topatu dugu. Izan ere, gazteak batu eta gure eguneroko bizitzan alternatibak sortzeko aukera paregabea sortu dugu “Aiaraldean Lan Bizi Ikasi” plataformarekin.
Aretako LIPmesa enpresaren okupazioarekin eta horren ondoren emandako eztabaida amaigabeak aukeraz beteriko panorama jarri dizkigute aurrean. Esan daiteke gure eskualdeak bizi duen egoera sozioekonomikoa oso latza dela, etengabeko lan gatazkak, hezkuntzaren pribatizazioa, bizi baldintzen gainbehera... gazteon etorkizuna jokoan dago eta gure aukera bakarra zein den aurkitu dugu, sistemak inposatzen dizkigun aukeren kontra alternatiba errealak plazaretzen hastea.
Horretarako, uztailaren 1etik 3ra Aiaraldeko gazteok gure etorkizuna borrakatzeko hitzordua dugu. LIPmesatik abiatu eta Amurrion bukaera izango duen martxan parte hartzea beharrezkoa dugu gauzak aldatzen hasteko. Formaziorako aukera paregabea izango den arren, esperientziak elkartrukatzeko eta jai giroan gure harremanak estutzeko aukera era izango dugu. Ez galdu ekimen honetan parte hartzeko aukera!