Kirola paisaia balitz Laudiokoa basamortua litzateke. Horrelakoa da tamalez gure lur eremuan topa dezakeguna, ezer hutsa. Bizitza gabekoak diruditen lurrak dira, baina erein izan denean uzta oparoak bildu izan ditugu.
Lur hauek badituzte hainbat jauntxo, lau urtean behin aldatu egiten direnak. Beraien boterea herriaren eskutik jasotzen dute, euren konpromisoengatik. Agintariz hainbatetan aldatu izan da baina harea hondar bihurtu eta hondarra harea bilakatu da soilik.
Zorionez, oasi txikiak topa ditzakegu gurean. Hainbatek gutxitan, batzuetan edo maiz ureztatu dutelako haien eremua. Urteak pasa dira, baina jauntxoek ez dute ura ekartzeko asmo handirik.
Negu lehor honetan elkarte bat, jauntxoen laguntzarik gabe, ur emari berri batekin dator. Likido garden kopurua handia dakar, oasi berri bat sortzeko adinakoa.
Ura eskalada da eta hura Goikogane mendi taldea. Herri gabezia horri aurre egiteko, bazkideek aho batez rokodromoa eraikitzea erabaki dute, banketxeen kreditua eskatu behar badute ere.
Eskalada maite duen baten eskerrik beroena. Mila esker.