Hatxordea

Erabiltzailearen aurpegia Jon “Beldui” Gallastegi (GOIKOGANE M. T.-ko lehendakaria) 2016ko mar. 9a, 08:45

Ez da etxerik asko Laudion, eiki, GOIKOGANE M.T-an kiderik izan ez duenik, 1959an sortu zenetik. Orduan, Goikogan daritzon tontorrean gurutze-buzoia ipinita, ibilaldi luzea hasi zuen. 1967an lehenbiziko egoitza ireki zuen; egun, berriz, hirugarrena du. 1970ean, Gorbeiako Austegiarmin esaten dioten saroian aterbe-etxe ederra eraiki zuen. Gaur-egun, 1200 bazkide inguru garela, urtean 20 bat ibilaldi – beste 14 bat gazteentzako – antolatuz bidean aitzina goaz; eta gure bazkideetako batzuk, berriz, gora eta gora beti: Sagarmatha (Everest) mendirik garaienera igo dena bat, Makalu, Pamir, Pico Lenin, Gasherbrum...eta han-hor-hemen beste hainbatetara igo direnak anitz eta anitz. 58 urte Laudion historia egiten ibilian ibiliz, milioika urrats beti auzolanean.

Orain beste asmo bat darabilgu, amets eta ez txoro, kiroltoki batean hatxorde edo rokodromoa egiteko asmoa, alegia.

Bi il bete-beteak izan ditugu, pabilioiak ikusten, toki-saltzaileekin nahiz bankariekin hitz egiten, eta, azkenean, erdietsi egin dugu. Idoro dugun toki egoki bakarra. Aurrezturiko diruaz eta mailegua eskatuz tokia erosi, eta hatxordea eraikitzeko lanak hasi ahal ditugu.

Mundua globo bihurtu dutenetik, mendizaletasunak beti oinatz izan dituen goiasmo zaharrei, hots, elkartasunari eta adiskidetasunari jarraiki beharra dugu, are beharrago ere. Mendiak dakarren askatasunari atxeki behar gatzaizkion era berean.

Laudioko Udalak gure egitasmo honetan lagunduko digula adiarazi digu eta bihoazkio, aurretik, gure eskerrak.

Historia egiten aurrera joanen gara, bai, eta laster gure bazkideetako baten batek Euskal Herriko haitzigo txapelketa irabaziko duelakoan gagoz. Esan beza geroak.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide