Eta Lamia, Tartalo edo Basandererekin hitz egin eta jolasteko ametsa egi bihurtzeko aukera duzula esango banizu? Aurten 11 urte beteko ditut udalekuetako hezitzaile gisa. Udalekuei esker hamarnaka abentura, leku eta lagun ezagutu ditut. Baita nire burua ere.
Aisialdia hezkuntzarako tresna paregabea dela sinetsita proiektu askotan hartu dut parte. Azken lau urteetan Bernedon izan naiz, Euskal Udalekutan. Bazenekien frankismo garaian, ikastolak abiatzearekin batera hainbat guraso eta gaztek auzolanean sortu zituztela Euskal Udalekuak haurrek udan ere euskaraz gozatzeko aukera izan zezaten?
40 urte baino gehiago pasa dira ordutik. Ez alferrik, ordea. Hamarnaka hezitzaile eta sukaldarik, musutruk, udaro Euskal Herriko ehunka ume eta gazte ate eta beso zabalik hartzen jarraitzen dute Bernedo, Goñi eta Abaigarreko euskal etxeetan. Aterpetxeak eta udalekuak, euskara bezala, auzolanean mantendu ditugu bizirik, urte osoan zeharreko lanari esker. Motzean zail da azaltzen... probatu ez duenak ez daki zer den hau! Zinez ederra da kantari esnatu eta oheratzea, jolasen bidez baloreak barneratzea, lotsak eta beldurrak kanporatzea, elkarrengandik ikastea, magia bizitzea... Ametsak konpartituta ederragoak direlako, bertan ikusiko gara!