Gora Laudioko Jaiak! Behin eta berriz urtero milaka ahotsek eskainitako kontzertuaren ereserkia. Laudiar guztion bihotzean gordetzen omen dugu festaren arima, ala ez?
Jaien data-aldaketaren gaiarekin, Laudioko ospakizun nagusiaren hutsak azaleratu dira: egun banaketaren zentzugabetasuna, inguruko jaien eragina, antolaketa arazoak… eta abar. Baina larriagoa dena zera da: herritarron jai-arima falta agerian geratu da. Parte-hartzea eta gogoak lur azpian gorde ditugula esatea ez litzateke gehiegi izango. ‘Gorde’ diogu, betirako galdu ez dugunaren konfiantza dugulako. Jaien data-aldaketaren arrazoiak ugariak dira, zentzudunak eta logistikoki zuzenak, oro har.
Baina zertarako datak aldatu, jaiekiko inplikazio eta gertutasuna armairuan gordetzen baditugu? Arropa politagoak jarriz gaixoa sendatzen saiatzea da hori. Kanpoko jendea erakarriko dugu, jaiegunak bateratuko ditugu eta ez gara Bilbora joango gure herriko jaietan. Baina portikoaren babesean jarraituko dugu, betiere kalejiretan dantzatu eta ekintzetan parte hartu gabe... Eta, noski, antolakuntzan laguntzea ezta pentsatu ere! Ikusiko dugu ibaiak zer dakarren. Bitartean, oraindik lema hutsa ez denaren ustez, GORA LAUDIOKO JAIAK!