Euskal Herriko Kristau Elkarte Herritarra osatzen dugun zenbait kidek Eliza gure herrian egiten ari den inmatrikulazioen inguruan gure iritzia azaldu nahi dugu.
Elizaren hierarkiaren jokaera kezka handiz bizi dugu, gobernuak emandako pribilegioez eta arauez baliatuta, eurenak ez diren ondasunez jabetzen ari dira. Inork ez du zehatz-mehatz ondasun horien balioa ezagutzen. Kaperak, etxebizitzak, lursailak... botere publikoek lagunduta erregistratu dituzte inmatrikulazioen bitartez, botere publikoak legeak betearazteaz arduratu beharko ziren arren.
Ez dugu baloratuko gertaera hauen legezkotasuna, baina gure ustez ondasunak pilatzen dituen eliza boteretsuen alde jartzen den eliza da inolako zalantza barik. Sarritan gainera ondasun horiek odola, mina eta malkoak ekarri dituzte. Hau Ebangelioak dioenaren kontra doa: “Ezin daiteke zerbitzari bat, bi nagusiren morroi izan… ezin zarete izan Jainkoaren eta diruaren morroi” (Lk. 16,13).
Halaber, gure ustez Elizak bereganatzen dituenean gurtzarako eraikinak eta bestelako ondasun higiezinak, eta gainera beste garai batean herriarenak izandakoak direnean, eta egun ere herriarena izaten jarraitu behar duena beretzat, elizarentzat, hartu nahi duenean ezin da izan Jesusen oinordekoa, Jesusek argi eta garbi horrela aldarrikatu zuelako: “Ez eskuratu urrerik, ez zilarrik, ez dirurik, zuen gerrikoetan gordetzeko; ez bide-zorrorik biderako, ez bigarren soinekorik, ez oinetakorik, ez makilarik, zor zaio-eta jatekoa langileari” (Mt. 10, 9).
Nazareteko Jesusen kristau fededunak garen neurrian, Jesus beti egon zen okerren bizi ziren pertsonen ondoan, bazterkeria eta pobrezia pairatu behar izan zutenen ondoan. Elizak ere ezin du ahaztu, akonfesionala den estatu batean gaudela. Inmatrikulazioen jarrera hau salatu behar dugu eta elizari eskatu nahi diogu legez kontrako jabetze hauei uko egiteko, Nazareteko Jesusen lekukoa izan dadin. Eliza librea eta pobreen alde dagoena, balio ebanjelikoak sustatzen dituena: maitasuna, justizia eta elkartasuna.“Azeriek badituzte zuloak eta zeruko hegaztiek habiak; baina Gizonaren Semeak ez du, burua non etzanik” (Lk. 9,58)