Bizitza, bi pausora!

Erabiltzailearen aurpegia Juanjo Basterra (Areta) 2016ko ira. 21a, 00:00

Renfe-Adif-en aurkako salaketa publikoa Aretako geltokiko segurtasun falta dela eta

Merkantzia tren batek Aretako geltokian 19 urteko gazte bat nola harrapatu zuen ikusi nuen iragan irailaren 5ean. Amaiera tragikoa. Bizitzatik bi pausora geratu zen. Oraindik dut buruan segundo eskas bat iraun zuen talka, klaxon-hots ozenarekin batera.

Lerro hauen bidez salaketa ahotsa jarri nahi dut bere bulegoetan apoltronaturik dagoen Renfe-Adif-en zuzendaritzaren aurka, ez baita bere azpiegituren segurtasunaz arduratzen. Trenbidearen gaineko Aretako pasabidea (beste batzuk bezala) ez da segurua, eta susto ugari jazo dira bertan irailaren 5eko istripu tragikoa baino lehen. Zuzendaritzako kideek badakite hori, edo jakin beharko lukete.

Ez da kontu berria. Aretako geltokiko langileak kendu eta makinak jarri zituzten, langile kopurua murrizteko grinan murgildurik. Oraindik oroitzen dut lehen nola gerturatzen zen geltokiko arduraduna trenari irteera seinalea ematera, edo nola arduratzen zen ibilbide luzeko tren bat pasako zela seinalatzeaz. Bera zen trenbidea gurutzatzea eragozten zizuna, bazekielako Bilbotik beste tren bat zetorrela. Bidaiarien zortea airean dago orain. Arriskua zure gain hartu behar duzu.

Ordutegia erakusten duen kartela da erreferentzia bakarra, bertan azaltzen delako zenbat denbora falta den beste norabidetik tren bat etortzeko. Baina irailaren 5eko merkantzia trena ez zen pantaila horretan azaldu. Trenetik jaitsi ginenean ez zen ezta megafoniatik entzun Renfek erabili ohi duen esaldi hori: “geldialdirik gabeko tren bat igaroko da, trenbidea ez gurutzatu”. Abisu hori berandu entzun zen, behin istripua gertatuta.

Ez dut asko hitz egingo Renfek bidaiariekiko duen kontsiderazio eskas etengabearen inguruan. Espainiar Kongresuan Amaiurreko parlamentaria zen Jon Iñarrituk Garraio Ministroari galdetu zion murrizketengatik eta zerbitzu eta langile faltagatik. Renfe-Adifek hainbat aitzakiekin erantzun zuen, beti bezala.

Irailaren 5eko istripuaren ostean mahai azpitik atera dute Aretako geltokia arrisku puntutzat dutela eta asmoa dutela obra batzuk egiteko bertan. Hori irakurri ahal izan da hainbat komunikabideetan. Beste manipulazio bat denaren susmoa daukat, ohikoan erabiltzen dituztenen tankerakoa. Trenaren erabiltzaileen segurtasuna lehentasunezko kontua izan beharko litzateke, eta ez dirudi asko kezkatzen dienik. Aretakoa ez da segurua ez den paso bakarra. Gehiago daude, XXI. mendean. Pasabide horiek kentzea lehentasun bat beharko luke izan, apoltronatuei axola ez zaien arren.

Azken urteetan egin duten gauza bakarra pasoaren zorua aldatzea izan da. Egurrezko langet-en gainetik igaro behar zen lehen (neguan izoztuak egon ohi ziren eta jendea erori egiten zen). Geltoki alboko mendi-hegalean ere egin dituzte obrak, bitan erori baita euriaren eraginez. Geltokiko eraikinen tailatuak ere berritu dituzte (erortzen ari baitziren). Baina pasabidea ez da segurua oraindik...

Inork ez dio gazte horri bizitza itzuliko. Errepikatu ez dadin, Renfe-Adifeko zuzendaritzak PREMIAZ konpondu behar du segurtasun falta hori. Ez du arriskua atzeratu behar. Nahikoa da!













 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide