Laudioko Latiorro Ikastetxea amiantoz beteta dago. Minbizi sortzaile arriskutsuenen lehen kategorian kokatzen du Osasunerako Mundu Erakundeak elementu hori. Eskolako teilatu, arkupe eta lorategietan dago, 40 urte baino gehiago ditu eta oso hondatua dago. Hori adierazi zuen Udaleko bulego teknikoak 2001ean. Mundu osoko adituek diote amiantoarekiko kontaktu moten artean ez dagoeal bat ere ez segurua kontsidera litekeena.
Baina udalbatzan diote ez dagoela arriskurik, inolako berme teknikorik gabe. Hala eta guztiz ere, amianto guztiaren zati bat kentzea aurreikusi dute udarako. Bada zerbait; baina zer gertatzen da gainontzekoarekin? Gainera, uko egiten diote ikastetxean aire laginketa egiteari, 2016ko urriko informe teknikoak hori egitea gomendatzen duen arren. Positibo ematekotan euren gain hartu beharko luketen erantzukizunaren beldur dira?
Lotsagarria izaten ari da udal ordezkarien, ikastetxeko zuzendaritzaren eta baita guraso elkartearen jokabidea. Interes zentzugabe batzuk jarri dituzte eskolako ikasle eta langileen osasunaren gainetik, eta kritikak botatzen dizkiote oso zentzuzko zerbait salatzen duenari: ezin dela amiantoa egon ikastetxeetan.