LAUDIO HERRIA LASTERKETA: “Etxean eta lagunartean korrika egitearen plazerra”

Erabiltzailearen aurpegia Iritzi Gutunak 2015ko urt. 30a, 11:06

Lainotsu, hotza agertu zen igandea, eta printzipioz hura ohetik mugitzeko batere egokia ez den egoera izan arren, bazen algara Laudioko Herriko Plazaren inguruan Laudioko VIII. Herri lasterketaren prestaketarekin. Eguraldi gozakaitz horri aurre eginez, goiz-goizetik hasi ginen lasterkariak zein publiko mordoa irteerara gerturatzen; hasiera batean astiro astiro, gero biziki, eta irteeraren ordurako halakoa zen Aldaikoerreka plazaren giroa eguraldia bera bizigarritu eta eguzkia atera zela korrikalarien beroketa errazteko.

Badute lasterketa hauek, herri lasterketek, beste edozeinek ez duen susmo ezberdina. Horregatik dira interesgarriak, eta seguruenik horregatik zabaltzen ari da hain erraz “running” delakoaren fenomenoa leku guztietatik. 11:30ean Aldaikoerreka plazatik abiatu ginenean hasieratik bertatik geratu zen agerian horren gako bat: edonork badu bere lekua lasterketa hauetan; lasterketa tenkatu eta ilara luzea osatzen hasi zen.

Aurreakoa infernu-erritmoa zen. Nik eusten saiatu arren bigarren kilometrorako amore eman behar izan nuen nire erlojuak 3.22min/km-ko erritmoa markatzean. Gehiegi!!! Burukoen lorratza galdu nuen, beraz, bitartean taldekide batzuk zein ni baino 4 urte gutxiago (19) dituen Koldo Etxebarria laudioarra aurrera zihoazela. Benetan aipatzekoa mutil honek egindakoa, gazteen artean lehena oso denbora politarekin. Ni bitartean pintxopoteko kañetaz gogoratzen. Ai ama, zelako sufrimendua gaztearen bizitza! Momentu horretan txinatarrean afaldutakoaz gogoratzen hasia nintzen.
Lasterketaren atzeko aldean, berriz, nire espioiek gauzak lasaiagoak zirela diote. Hemen aurkitzen da beharbada lasterketa hauen politena: aita-semeak, bikoteak, aitonak… beraien osasunagatik eta denbora pasatzeko baino ez korritzen dutenak. Batzuk errazago, beste batzuk zailtasunekin, baina guztiak burutu zuten beraien bidaiatxoa harrotasun osoz. Lasterketa bukatzean batzuekin hitz egiteko aukera izan nuen eta edonori galdeduta ere bakarra zen iritzia: “plazerra da etxean korritzea”.
Eta bien bitartean publikoa, ezin hobea, eta antolakuntzako bolondresak. Txalo bat bientzako, oso gustura sentiarazi baitziguten. Helmugara iristeko beraien animoak hanken blokeoa apurtzen lagundu eta sprint bizian, duintasunez bete nituen azken metroak.

Oso lasterketa politak ditu Laudiok, eta zaindu ditzala. Eta ez osasuna edo aisiarentzat duten baloreagatik bakarrik. Horrelako egunetan herriak alaitasuna helarazten du zirrikitu guztietatik eta hori, Mastercard-eko iragarkiak zioen bezala, ez du preziorik.

David Del Rio

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide