Martxoko arratsalde ilunetan gogoratzen gara inposatutako bizi ereduek utzi dizkiguten zauriez. Haurrak ginela barneratu genuen maitasun kontzeptu eroak zein emakume izate ereduak, orban horien jabe egin eta askatasuna mugatzera eraman gaitu. Hala ere, bizi garen mundu zoroa kakartera bidaltzen dugun aldiro, gure bizitza dikotomia sinple baten esklabu izatea baino gehiago dela ohartzen gara. Gure munduak mandarina ale ezberdinen beharra du; bizitza erdigunean jartzekoa, irribarrea ahoan. Baina bada zerbait norbanako gogoeta horietatik abiatuta, sistema eta bere katramila guztiak biluzteko gaitasuna duena: kolektiboa. Emakumeok batu, antolatu, gure zapalkuntzetan pentsatu eta ideologikoki bizi eredu berriak eta guk nahi dugun mundua sortzen dugunean ematen den hori. Sortzen dugun indarrak ez du etenik. Gu ere, Kallera jeistera ohituta geunden, amamekin egiten genuen. Askotan joan gara Arrankudiaga, Zollo, Zeberio eta Ugaoko izkinetatik Ugao erdiko kale bakarrera: Kallera. Zein ezberdinak diren pausoak emakumeok batu ginen martxoko arratsalde ilun horretatik; zapalduen ikuspuntutik, bazterretik, borobilean eta barreka mundu hau ezberdin egiten dugunetik... Aski da, bagara nor nahi duguna sortzeko!