Gaur egun kirolean hasten diren neskentzat gure eskualdean bertan futbol eskola eskaintza izatea luxu handia da, batez ere duela urte gutxi zegoen egoera jakinda. Ni oso txikitan hasi nintzen futbolean, eta hainbat zailtasunekin egin nuen topo, ez baitzegoen emakumezkoen talderik, eta mutilekin jolastu ahal izateko ere arazoak jartzen zizkiguten, bai niri, bai nire familiari. Hala eta guztiz ere, diskriminazio hori desagerrarazteaz arduratzen zen eta den jendeari esker, orain ustezko berdintasuna izan dezakegu. Zergatik ustezko berdintasuna? Ez ditugulako mutilen baldintza berberak, ez digutelako mutilek bezala ordaintzen, eta nahiz eta eskakizuna berdina izan, ez ditugulako mutilen familia-laguntza berdinak (oraindik somatzen da matxismoa etxe batzuetan …).
Futbolean jokatzen hasi nintzenean, nire taldea CD Laudio izan zen, neska bakarra nintzen mutil taldean, eta urteak pasa ahala, lehen pertsonan ikusi ditut zelako diskriminazioak pairatzen dituzten emakumeek futbolean. Esan beharra dago gaur egungo egoera proiektu bakoitzaren araberakoa dela, beste hitz batzuetan, emakumezkoen kirola gehiago sustatzen duten proiektuak daude beste batzuk baino. Hala ere, gizonezkoekin alderatuz, material eta ordutegi txarrak, soberan geratzen direnak, izan ditugu betidanik.
Altzarrate proiektuari dagokionez, 2015ean jaio zen, futbolean emakumeenganako utzikeria eta diskriminazioaren aurrean. Lau urte daramatzat Altzarrateko entrenatzaile gisa, eta futbolean emakumeen diskriminazioa desagerrarazteko etorkizuneko proiektu honetan sinesten dut. Gure proiektua ez ohikoa da Araban, emakumeen alde eta emakumeentzat bakarrik lan egiten duen klub bakarra izanik. Honaino heltzea, ez da bat ere ez erraza izan, bidean zailtasunak ditugu eta izango ditugu, baina Altzarrateren atzean dugun jende guztiaren laguntzarekin beste urrats bat eman ahal izango dugu berdintasunerantz duda barik. Hau horrela, haien kirola futbola dela erabakitzen duten neska guztiei prestakuntza eta heziketa emateko, egitura sendoa eta ondo antolatua dugu.
Altzarrate kluba hasi zenean, 30 neskatorekin jaio zen. Gaur egun, datu horiek bikoiztu baino gehiago egin dira, eskualde osoko neskekin kontatzen dugularik. Eta nola lortu da kopuru hori handitzea? Komunikabide desberdinetatik dugun babesak futbola eskualdeko neskei heltzea ahalbidetu digu, eta horrenbestez, geroz eta neska gehiago animatzen dira futbolean aritzera. Ikusgarritasuna eta ereduak izatearen garrantzia funtsezkoa da.
Futbol-klub soil batetik haratago doan proiektu batean egon ahal izateak, pertsona, kirolari eta emakume gisa asebetetzen nau. Eta berdintasuna lortzeko ekitaldiak eta jarduerak antolatzen aritzea beste pizgarri bat da.
Futbolaren mundua inguratzen duen matxismo guztia kontuan izanda, pixkanaka desoreka desagerrarazten joateko emakumearentzako laguntza positiboak aplikatu behar ditugu. Garapen eta aurrerapen hori lortzeko jende asko dago lanean, baina oraindik gizarte bezala, ez dago irudi bateraturik, ez da orokorki onartua den ideia.
Berdintasunaren alde lan egiteko benetako sekretua jaiotzen garenetik izan dezakegun hezkuntzan dago. Altzarraten balio handia ematen diogu neskatoak txiki-txikitatik landu eta prestatzeari, futbolaren hastapeneko eskola sortzeari eta 5 edo 6 urteetatik neskatoak kirolean hasteari. Gainera, klubaren barruan futbol kategoria guztiak ditugu, neskatoek futbolean jarraikortasun bat izatea ahalbidetzen duena.
Duela urte batzuetatik hona, hainbat erakunde eta enpresa oso apustu sendoa egiten ari dira emakumezkoen futbolaren alde, gizonezkoen futbolarekin parekatzen diren lehiaketa sorta bat sortzen ari direlarik. Horrela, lehen maila erreferentzia absolututzat hartuta, estatuko klub handiak ditugu bertan (Athletic Club, Erreala, Real Madrid, Bartzelona, ...). Halere, oraindik gainditu gabeko ikasgai bat dugu, neska bati eta mutil bati aplikatzen zaien aldea, hain zuzen ere. Biek lehen mailan jokatzen dutenean desberdin kobratzen dute, mutilak milioika euro kobratzen ditu eta neskak bizitzeko gutxienekoa kobratzen du, eskakizuna bera izanik.
Badaude hala eta guztiz ere, ospatu beharreko aurrerapausoak, talde desberdinetan entrenatzaile tituludunak izatea da. Nire kasuan, entrenatzaile karneta ateratzeko ikastaroa egin nuenean, han zeunden gehienak gizonezkoak ziren. Momentu honetan, pixkanaka, entrenatzaile-ikastaroetan geroz eta neska gehiago daude. Izan ere, emakume asko daude emakumezkoen lehen mailan entrenatzen, Athletic Club-ean kasu. Emakumeak futbolean izan duen bilakaeraren adibide garbia delarik. Iraia Iturregui gizonezkoen talde batean hasi zen jokatzen. Ondoren, guraso talde batek zegoen desberdintasuna ikusirik sortutako emakumezkoen talde batera pasatu zen. Urteekin, inguruko talderik indartsuenek bere emakumezkoen atala sortu zuten, eta talde horietan inguruko jokalari onenak gehitzen joan ziren, bera barne. Egun, Iraia Athletic Club-ean entrenatzaile bezala jarduten du nesken taldean.