IRITZIA

Konpromisoa

Erabiltzailearen aurpegia Irune Iturbe Errasti 2022ko urt. 17a, 06:59

Amurrioko EH Bilduko kideak, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Gero eta ziurgabetasun handiagoko uneak bizi ditugu maila guztietan, eta azken bi urteetako gogortasunak areagotu egiten du egoera. Covid-aren gordintasunagatik eta hari lotutako murrizketengatik, gizartearen gehiengoari pilatzen joan zaigun nekeari, gutxi batzuek testuinguruari etekina ateratzeko egindako saiakera oportunistak gehitu behar izan zaizkio.

237 greba egun egin zituzten Tubacexeko langileek. Valvospainek ez zuten hainbesteko zorterik izan, eta itxi egin zuten (79 familia kaleratu). Aiaraldeko egoera aztertzen den bakoitzean, datu berarekin amaitzen da beti: langabezia-tasa. Argi dago gure eskualdeko industriak agortzearen sintomak dituela eta iritsiko dela gehiago ezingo duen eguna. Horren aurrean, erantzukizunez jokatzea eta gure eskualdearen eraldaketa sozioekonomikoa bizkortzea dagokigu. EH Bilduk bi ekintza oso zehatz proposatu ditu. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzan eskualdea suspertzeko ponentzia bat egitea proposatzea; eta bestetik, aurrekoarekin batera, Ernaberri Aiaraldeko Plan Estrategikoa abiaraztea. Plan honek jasotzen dituen 10 neurrien artean, merkatuen dibertsifikazioa bideratzeaz gain, egungo egoeraren konponbide gisa ekonomia berdea kontuan hartuko duen zentro bat sortzea dago, bai eta altzairutegiak eta galdategiak modernizatu eta eraginkorragoak egitea, eraikinak eta industria-lurzoruak berreskuratzea, etxebizitzak birgaitzea edo turismo iraunkorreko eredu bat bultzatzea ere.

Eta udal mailan ere ez gara gelditu. EH Bilduk hamaika proposamen erregistratu ditu, askotariko gaien inguruan. Hala ere, nahiz eta batzuk Udalbatzan gehiengoak onartu dituen, EAJren gobernu-taldeak sistematikoki blokeatzen du akordio horien garapena. Adibide on bat Udaltzaingoarena da: araudi propioa idaztea proposatu genuen, eta hori Osoko Bilkuran onartzea lortu genuen; are gehiago, Udaltzaingoak berak proposamen bat aurkeztu zion Alkatetzari; baina ezer ez, gobernu-taldeak ez ditu akordioak idatzi eta ez dute horiek betetzeko asmorik. Bat gehiago.

EAJren inprobisazio gero eta handiagoak kezkatzen gaitu, baita bere ikuspegi estrategikorik ezak. Autorik gabeko eguna ospatuko dugu, baina motordun mugikortasuna bultzatzen jarraituko dugu, zerbitzu publikoak defendatuko ditugu, baina kiroldegia kudeatzen duen enpresari kopuru estratosferikoak ordaintzen jarraituko dute, publiko egiteari uko egiten diotelako. Euskararen eguna eta Korrika ospatuko dugu, baina udalean Euskara teknikaririk gabe jarraituko dute, udaletxea argi moreekin argiztatuko dugu A25ean, emakumeen iritzia eta parte-hartzea kontuan hartzen ez duten bitartean Emakumeen Etxea egiteko. Inork ez ditu udal tabernak alokatu nahiko errentak bideraezin egiten dituelako, baina ostalaritzarekin bat egingo dute. Zuhaitz Eguna ospatuko dugu, baina ez dira gai eukaliptoei mugak jartzeko.

EH Bildu osatzen dugunok egunez egun egiten duguna laburbiltzea zaila egiten zaigula esateko aprobetxatuko dugu. Ezin zenbatu entzuten, dokumentazioa aztertzen, proposamenak edo mozioak idazten... ematen ditugun orduak. Beste batzuetan, udalean eztabaidatzea eta adostea dagokigu: edo gure artean. Askotan ikusiko gaituzu kalean, auzokoren batekin kafea hartzen, lanen bat bisitatzen edo kontzentrazio batera joaten. Lan eta ahalegin handia Amurrio hobetzeko, bai guretzat, bai hurrengo belaunaldientzat. Hori da gure konpromisoa eta EH Bildu Amurrio osatzen dugun guztiona.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide