Badira euskara oso hizkuntza zaila dela diotenak, ia ezinezkoa, eta horrek euskal senaren inguruko gogoeta bat egitera bideratzen nau. Zenbait pertsonaren aburuz, errespetu falta larria omen da gaztelaniara ez aldatzea euskara ez dakien norbait presente dagoenean. Esanak esan, ez al da errespetu falta handiagoa euskaldunak Euskal Herrian gaztelaniaz egitera bultzatzea? Nire amamaren istorioa da, hain zuzen ere, pentsamolde hau izatera eramaten nauena.
Badaukat amama bat Niebla herrian jaio zena, Andaluzian. Bere aita “Explosivos Río Tinto” enpresako langilea zen, eta enpresako langile ugariri Galdakaoko instalazioetara mugitzeko proposamena egin zieten. Irabaziak handitzeko helburuarekin, herria atzean utzi eta Usansoloko Gorosibai auzora joan ziren bizitzera. Bertan, ezin hobeto moldatu ziren lehen egunetik inguruko baserrietako auzokideekin. Amama, kuadrilakoekin batera, Igorrera joaten zen larunbatero kartetan jolastera eta dantza egitera. Astebururo bezala, Igorreko tabernan zegoelarik, aititek dantza egiteko gonbita luzatu zion. Elkarrekin aritu ziren dantzan, eta musikak iraun zuen denboran pare bat hitz elkarbanatu zituzten. Harrezkero, aitite egunero joan ohi zen Usansolora amama ikusteko asmoz. Abuztua heldu orduko, amama jaioterrira itzuli zen oporretan bere aitarekin batera. Hiriburuan eman zuen eguna erosketak egiten, baina espero ez zuen zerbait gertatu zen Nieblara itzuli eta busetik jaisterakoan. Bere osaba gerturatu zitzaion, Bilboko gazte bat kanpin-denda batekin harresi alboko mendian jarri zela, eta berataz galdezka zebilela esanez. Gurasoei txintik esan gabe, aitite auto-stop eginez joan zen Orozkotik Andaluziara. Geroztik, harreman estuagoa izan zuten eta hurrengo abuztuan elkarrekin joan ziren oporretan. Oso gazte ezkondu ziren, ezkontza baitzen Euskal Herrian gelditzeko bide bakarra. Bere aitaren jubilazioak familia osoa berriro Andaluziara bueltatzea eragin zuen. Egoera horren aurrean, bi aukera zeuden: ezkontzea edo itzultzea. Aititerekin ezkontzeko hautua egin zuen, eta Orozkoko baserrira joan zen bizitzera.
Iguartze baserria pinudiz inguratuta zegoen, ikuilua aberez beteta eta baratzea beti emankor. Hori gutxi balitz, gau eta egun aritzen ziren etxeko ogia eta euskal pastelak egiten. Ez zen lanik falta. Amama, berehala ohitu zen bertako bizimodura. Berak euskaraz ez zekien arren, aititeren familiak inoiz ez zion utzi Orozkoko euskara itxia hitz egiteari. Horrela, amama laster ohartu zen hizkuntza hori biziki maite zutela, eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko konpromisoa zainetan zeramatela. Egoera ulertu zuenean, AEKn izena ematea erabaki zuen. Dena dela, inoiz ez da euskara hitz egitera ausartu, primeran ulertzeko gai den arren. Seme-alabak jaiotzean, ez zitzaion burutik pasa ere egin ikastola ez den beste eskola batera eramatea. Euskara nahiz euskal kultura sustatzen dituen hezkuntza-ereduaren alde egin zuen apostu, haurrek baserrian jasotakoari jarraipena emateko.
Bakoitzak euskara modu ezberdinean bizi du, amamaren istorioa adibide gisa hartu badut ere. Denon ardura da euskarari lekua ematea, eta egiten den ekarpen oro, txikia izanda ere, ongi etorria da. Alboetara so egin ordez, gure zilborrera begira dezagun, euskara kaleetara eramatearen arduradunak gu garelako.
Geure arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak ote gara?