Egun gutxi batzuk baino ez dira geratzen uda ofizialki hasteko, eta horrekin emango diogu hasiera bero jasanezinari aurre egiteko planen denboraldiari, hondartzara edo igerilekura joatea, kasu. Horrelako planak aukera paregabea izan daitezke lagunekin edo familiarekin gozatzeko, baina normalean saihestezina den zerbait ere sartzen da jokoan: bainujantzia.
Bainujantzia janzteak gure gorputzaren zati handi bat agerian uztea esan nahi du, besteen begiradapean, gutaz pentsatuko dutenari erreparatuz… Gainera, alderaketak hasiko dira eta honek edonorengan buruhauste handiak eragin ditzake. Gure artean hain ohikoak diren egoera hauek ez lirateke inoiz normalizatu behar, gizakion itxurak ez baitu sekula izan behar pertsona bat gutxiesteko arrazoi.
Ingurukoen gorputzak kritikatzea eta epaitzea indar handiz errotuta dago gure gizartean, sakonki inposatutako edertasun kanonen emaitza zuzena izanik. Jakina da inor ez dela bere itxurarekin deskontentu jaiotzen, hala izaten ikasten dugu. Gorputz heteronormatiboak ikusten hazi eta hezi gara, bai telebistako iragarkietan, bai afixetan edo sare sozialetan.
Inor ez da bere itxurarekin deskontentu jaiotzen
Horrela, igarri barik barneratzen joan gara hori dela gure errealitatea eta hori dela ondo ikusita eta onartuta dagoen bakarra. Beste behin ere, emakumeoi bereziki eragiten digun gaia da hau. Balio kontserbadoreek gorantz egiten duten testuinguru soziopolitikoan, emakumeen gorputzaren gaineko kontrola emakumeak gizonen begiradapean jartzeko beste modu bat da.
Ezinbestekoa da buruan sartzea gorputz bakoitzaren atzean ezagutzen ez dugun istorio bat, bizitza bat, pentsatzeko modu bat, gozatzekoa… dagoela; eta guk ez dugula izan behar norbaitek bere gorputzarekin gaizki pasatzeko arrazoia.
Besteen gorputzei buruzko iruzkinik ez egitea ere gizarte bidezkoago eta askeago baten aldeko errebeldiazko ekintza da
Kanpotik hautematen ez badugu ere, gure hitzek trauma larriak eta autoestimuan kalteak eragin ditzakete. Gainera, beste hainbat pertsonen gorputzei buruz iritzia ematen dugunean, ez dugu soilik besteez hitz egiten: gurearekin nola sentitzen garen ere azaleratzen ari gara.
Hau horrela izanik, besteen gorputzei buruzko komentariorik ez egitea ere gizarte bidezkoago eta askeago baten aldeko errebeldiazko ekintza da; epairik gabeko harremanak eraikitzeko modu bat.