Gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa azken txanpan dago jada, eta egun gutxi batzuk baino ez dira geratzen aurtengo txapelduna nor izango den jakiteko.
Selekzio askok agur esan diote txapelketari finalera iritsi aurretik; euskal herritarrok, aldiz, beste behin ere ezin izan dugu gure herria ofizialki ordezkatuta ikusi nazioarteko txapelketa batean. Kirola herri baten nortasunaren parte da eta herri baten aitortza nazionala kiroletik ere eraikitzen da.
Hala ere, euskaldunok ezin dugu gure nazioa ofizialki animatu. Euskal Herriaren burujabetza ukatu egiten da Espainiako eta Frantziako selekzioek jokatzen duten bakoitzean.
Espainiako selekzioaren inguruan sortzen den giroa espainolismoa espazio publikora zabaltzeko baliatzen da sarritan, Euskal Herriko zenbait hiri pantaila erraldoiz eta ikur espainolez betez.
Horrek, ordea, ez du euskal gizartearen nortasun sentimendua baldintzatzen, inork ezin baitu erabaki zein herrirekin identifikatu behar garen. Herri bateko kide izatea sentimendu kolektibo bat da, eta sentimendu hori ezin da ez inposatu ez debekatu.
Horixe da, hain zuzen ere, gure tresnarik baliotsuena eta indargunerik handiena. Guk ere futbol zelaian gure taldeaz gozatzeko eskubidea dugu, kirolariek beren nazioa ordezkatzeko eskubidea duten bezala. Ez dugu pribilegiorik eskatzen, beste herriek duten eskubide bera baizik.
Munduko nazio askok beren selekzioa duten bezala Euskal Herriak ere aukera bera merezi du. Gure koloreak, gure ereserkia eta gure ikurrak munduan erakutsi nahi ditugu, beste edozein herrialdek egiten duen bezala.
Ez dugu inolako arrazoirik Euskal Selekzioa ez den beste selekzio batekin identifikatzeko, gure herriak bere nortasun propioa duelako eta ordezkaritza propioa behar duelako. Etorkizun hurbil batera begira helburua argia da: Euskal Selekzio ofizial bakarra, zazpi lurraldeak ordezkatuko dituena eta munduko beste nazioek bezala nazioarteko txapelketetan lehiatzeko aukera izango duena.
Horretarako, gure bideari gogor eutsi behar diogu, inposaketaren gainetik Euskal Herriaren nazio aitortzaren eta kirol arloko ofizialtasunaren alde borrokatuz.
Gure koloreak munduan erakusteko garaia iritsi da: Euskal Selekzioaren ofizialtasuna lortu arte!