Uda sasoian murgiltzeak jai herrikoien denboraldiari hasiera ematea dakar. Aurten, ordea, kezka sortzen duen bide bat hartu dute jai askok. Borrokak eta jendearen arteko liskarrak nagusituz joan dira gure inguruan, giroa kutsatuz eta parrandan dabilen jendearen artean mesfidantza, tentsioa eta erne egon beharra zabalduz.
Jai herrikoiek edonorentzat babesleku izan behar dute eta indarkeriak ez du lekurik guztiontzako festak eraikitzeko borrokan. Nazkatuta gaude lagunekin dantza egiten eta barre batzuk botatzen egon, eta istilu baten ondorioz musika gelditu eta festa eten behar izateaz.
Borroka batek begi-bistaz antzematen ez diren ondorioak ere baditu. Jai batzordeek, txosnek eta kultur taldeek aurreko hilabeteetan musu-truk eginiko lana instant batean zapuzten da. Kalapitak urtero errepikatzen badira bolondresek jaiak antolatzeari utziko diote, hain garrantzitsuak eta beharrezkoak diren herri-kultura eta auzolana pixkanaka indargabetuz.
Gainera, txosna txandetan dauden herritarrek ez dute zertan tentsio momenturik jasan. Egoerak horrela jarraituz gero, txosnetan lanean ari diren laguntzaileek bertan behera utziko dute lana eta horrekin batera jaiak amaituko dira.
Hau guztia gutxi balitz, borrokek poliziaren presentzia handitzea dakarte. Ondorioz, kaleak kontrolpeko espazio bilakatzen dira guztiontzat. Polizia ez da ongietorria jai herrikoietan, baina aski da bi pertsonak elkar jotzea, inguruko patruila guztiak bertaratu eta herri osoa euren kontrolpean jartzeko.
Espazio publikoa gazteon topagune izan beharko litzateke, ez ukabilkada gosea dutenen topaleku. Jaiak aldarrikapenerako guneak dira eta mozkortuta borrokatzea ez da errebeldea izatea; patriarkatuak gizonezkoei atxikitzen dizkien rolak errepikatzea baizik. Ez da kasualitatea festetan beti gizonezkoak izatea elkar jotzen dutenak. Sistema patriarkalak maskulinitatea bortizkeriarekin eta oldarkortasunarekin lotzen du; horrela, indarkeria gizonei dagokien jokabide gisa normalizatu eta justifikatu egiten da.
Ez ditzagun egoera hauek normaltzat hartu, indarkeria eta borroka jaiaren parte bezala onartzeak herrietako festak borrokaleku bihurtzea dakar. Herriak ez du ordaindu behar gutxi batzuen frustrazio edo alkoholaren ondoriozko agresibitatea. Hortaz, zure presentziak ingurukoen askatasuna eta gozamena mugatzen baditu, jaiak ez zaitu behar.