IRITZIA

Mendebaldeko Saharan borrokak dirau

Erabiltzailearen aurpegia Irune Etxebarria 2026ko irailaren 1a

Ikasleak Bucraako udaletxeko aretoa atontzen. / Laudio Ikastola

IkaSahara saharar herriari laguntzeko eta bertan bizi duten errealitatea ezagutzeko Laudio Ikastolak bultzatutako lankidetza proiektua da. Euskal Herria eta Sahara arteko zubia eraikitzen duen ekimen honek gizarte-eragile aktibo eta kontziente bihurtzen ditu ikasleak. Laudio Ikastolak urteak daramatza konpromiso sare hau josten eta, aurten ere abian da, kanpamentuetara bidaia berri bat burutzeko helburuarekin. Nahiz eta bidaia elkartasun keinu gorenena izan, proiektuak urte osoko lana dakar. Aurretik material bilketa ugari egin ditugu eta proiektua finantzatzeko kamisetak eta totebag-ak saltzen aritu gara, besteak beste. 

Espainiaren koloniak Saharatik erretiratuz geroztik, Marokok lurraldearen zati handi bat okupatu zuen. Ondorioz, liskarrak hasi ziren Maroko eta Fronte Polisarioaren artean. Fronte Polisarioak Mendebaldeko Sahararen independentzia defendatzen du; eta Marokok, berriz, lurralde osoa bere subiranotasunaren barruan egotea nahi du. Gerraren ondorioz, saharar askok Mendebaldeko Sahara utzi eta Aljeriara jo zuten. Gaur egun, saharar errefuxiatuen komunitate handiak bizi dira Tinduf inguruko kanpalekuetan. 1991n Nazio Batuen Erakundearen babespean su etena adostu bazen ere gatazka ez zen konpondu, eta ordutik tentsioak eta borroka-armatuak noiznahi eman dira. Bake prozesuaren barruan erreferenduma egitea proposatu zen, lurraldearen etorkizuna erabakitzeko, baina erreferenduma ez da inoiz egin. 

Hagitz garrantzitsua da autodeterminazioaren aldeko aldarrikapenek indarrean jarraitzea, saharar herriak nozitzen duen bazterketa ahaztu ez dadin

Gaur egun Mendebaldeko Sahara bi eremutan banatzen da: lurraldearen %80 Marokoren kontrolpean dago; eta gainerako %20, Fronte Polisarioaren kontrolpean. Milaka sahararrek hamarkadak daramatzate erbestean, 50 urte baino gehiago igaro dira lehen errefuxiatuak Tindufera iritsi zirenetik. Mendebaldeko Saharako egoeraren konponbide politiko ezak zuzenean eragiten jarraitzen du haien bizitzetan. Bestalde, NBEren arabera Mendebaldeko Sahara oraindik deskolonizatu gabeko lurraldea da eta Espainiak ez du bere iraganeko erantzunkizunaren neurriko konpromisorik hartu.

Saharar herriaren egoera ahazteko arriskua gero eta agerikoagoa da, errefuxiatuen biziraupena hamarkadetan zehar nazioarteko laguntzaren menpe egon baita. Egun, laguntza hori gero eta urriagoa da, besteak beste, gerra berriek, inflazioak eta lankidetza politiken aldaketek eraginda. Hagitz garrantzitsua da autodeterminazioaren aldeko aldarrikapenek indarrean jarraitzea, saharar herriak nozitzen duen bazterketa ahaztu ez dadin. Denboraren joanak ez du herri baten borondatea baliogabetzen, ezta konpondu gabeko gatazka bat zilegi bihurtzen ere. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide