IRITZIA

Kontsumitzaile amorratuak

Erabiltzailearen aurpegia Irune Lumbreras Etxebarria 2025eko abenduaren 5a

Black Friday Gironan. / Wikipedia

Kontsumismoaz hitz egiteko beharra ikusi dudalarik, enpresa handien etekina datorkit burura. Hain zuzen ere hori baita kontsumoaren hazkunde mugagabearen helburu bakarra. Bistan da ekoizpen eta kontsumo-sistema global aseezin batean bizi garela, eta gure gizarte eredua dela krisi honen erantzule nagusia.

Olatu kontsumistaren arazoak mundu osoa zeharkatzen du, honen adibide da Black Friday fenomenoa. Estatu Batuetatik mundura hedatu den salmenta-estrategia honek, Gabonetako erosketa denboraldiaren lehen eguna betetzen du. 

Azken urteotan ostiral beltzak ospe handia hartu du, hala ere, gutxi batzuek ezagutzen dute jatorria. Ikerketa batean ohartu ziren, azaroaren azken ostiralean oso salmenta gutxi zeudela. Ondorioz, merkatariek egun hori zenbaki gorrietan edukitzen zuten, eta zenbaki gorriak beltz bilakatzeko asmatu zen Black Friday. Horrela, ba, merkealdien bidez zenbaki gorriak beltzez margotzea lortu zuten. 

Berez egun bakar bat izan arren, denda batzuek asteburu osoan edota egun gehiagotan ospatzen dute. Horren atzean, erosketa masiboak egitera bultzatzen gaituen iruzurra ezkutatzen da.

Enpresek prezioak puztu egiten dituzte egun seinalatu horren aurretik, gero beherapenen izenean saltzeko. Gainera, promozio eta deskontuak sarritan letra txikian azaltzen diren baldintzekin datoz. Hala nola, bidalketa gastu handiak edo dendako txartelarekin soilik lortzen diren deskontuak. Okerrena da, denok amuari koska egiten diogula gauzak eta gauzak pilatzeari utzi gabe. 

Baina, zerk eramaten gaitu horren kontsumistak izatera? Lehen hausnarketa egitera bultzatzen nauena, moda bera da. “Modan” dagoena erosteko premia etengabea daukagu, sarritan, sozialki onartua izateko beharragatik. Erosketa konpultsiboek beste estatus bat betetzen dugula sinestarazten digute. Estatus altuago batean kokatzen garela sentitzeko balio du, baina errealitatea ez da hori. 

Bestalde, publizitateak paper garrantzitsua jokatzen du, eta kontsumistak izatera bultzatzen gaitu. Iragarkiak ikusterakoan, behar berriak sortzen zaizkigu, nahiz eta arazorik gabe aurrera egin dezakegun ikusten ari garena eskuratu gabe.

Ildo horretatik, obsoleszentzia programatuaren metodoa daukagu. Enpresa batzuek material kaskarrekin egiten dute lan, eta epe mugatua ipintzen diete produktuei. Enpresen xedea, hortaz, epea bukatutakoan eroslea produktu berri baten bila joatea da. 

Inflazioari dagokionez, fenomeno normala da sistema kapitalistan. Prezioek gora egiten dute, eta horrek desoreka eragiten du pertsonen erosteko ahalmenean. Bitxiena da erosketek gora egiten dutela kasu honetan, jendeak badakielako prezioak igoko direla, beraz, lehen baino lehen erosiz gero merkeago erosiko dutela uste dute. 

Gizarte kapitalista kontsumitzaile batean bizi garen neurrian, kontzientzia hartzea eta arduraz erostea da konponbidea. Kapitalismoaren garapenerako funtsezko baldintza kontsumismoa da, eta horren aurka egitea gure esku dago.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide