Makina bat aldiz entzun izan dut bazegoela garai bat non gazteak mugikorrik gabe bizi ziren. Garai bat non lagunaren etxeko txirrina erretzen zenuen kalera irten zedin. Inbidia sentitzen dut zainetatik gora eta behera, gaur egun bizimodu horrek ezinezkoa ematen duelako.
Ohartu gabe, aurrez aurre hitz egitetik sareen bidez komunikatzera pasatu gara. Hortaz, nire buruari galdetzen ari natzaio aurrerapen teknologikoek gerturatu edo aldendu egin ote gaituzten.
Oro har, gero eta nagiagoak bilakatzen ari gara. Bideo laburrak kontsumitzeko ohiturak gure arreta-gaitasuna zapuztu du. Alde batetik, denbora luzez nonbait atentzioa mantentzeko gai ez garela esango nuke.
Adimen Artifiziala mehatxu bat da lanpostu ugariri eta gazteon etorkizunari begira, izan ere, ikasketa asko alboratzeko joera izan ohi dugu lanpostua kenduko digun beldurrez.
Bestetik, nabarmena da ahozkoan zein idatzizko komunikazioan esaldi luze, garatu eta osatuak egiteko zailtasunak ditugula. Teknologia berriek gure egunerokotasunean hartu duten indarraren ondorio zuzena da zalantzarik gabe.
Bide honetatik jarraituz gero, hizkuntza zuzen eta ondo erabiltzeko gaitasuna ere galduko dugulakoan nago. Errazagoa baita emotikono bat bidaltzea, zer idatzi pentsatzea baino.
Nola ez aipatu adimen artifizialak gure artean hartu duen presentzia. Gustatu edo ez, bete-betean sartu da gure bizitzetan abiadura handiko tren baten pare. Geldiezina da. Edozein esparrutan erabil daitekeen tresna honek, lanpostu gehienak arriskuan jar ditzake.
Mehatxu bat da gazteon etorkizunari begira, izan ere, ikasketa asko alboratzeko joera izan ohi dugu lanpostua kenduko digun beldurrez.
Horrez gain, teknologiaren erabilpenak akademikoki arazo larriak izatera eraman gaitzake. Testu-liburuak edota koadernoak bezalako metodo tradizionalak liburu-digitalengatik ordezkatu ditugu. Gainera, informazioa gainetik irakurrita moztera eta kopiatzera ohitu gara, lanketa sakonik egin gabe.
Europako Iparraldeko zenbait herrialdek, ikasgelan ordenagailuen erabilera berriz ebaluatzeari ekin diote. Norvegia eta Finlandia bezalako herrialdeak urte luzez izan dira hezkuntza-erreferenteak, baina dena zalantzan jartzen hasita daude.
Informazioa gainetik irakurrita moztera eta kopiatzera ohitu gara, lanketa sakonik egin gabe.
Finlandiak, digitalizazioan urteak eman ondoren, gailu elektronikoak murriztu nahi ditu errendimenduan eta arretan eragin negatiboa dela eta. Norvegiak aldiz, ordenagailuak eskaintzen dizkie ikasleei, baina teknologia eta metodo tradizionalak orekatzeko politikak ezartzen dituzte bi herrialdeetan. Horrela, ba, eskuz idaztearen garrantzia aitortzen dute, gehiegizko digitalizazioaren gainetik ikasleen ongizatea lehenetsiz.
Bestalde, teknologiaren gehiegizko erabilpenak pribatasun eta segurtasun falta ere ekar dezake. Dirudienez, Eusko Jaurlaritzak kamerak instalatu ditu ikastetxe publikoetan inolako onarpenik gabe. Honek argi uzten du entiateen heburua ez dela hezkuntza duina bermatzea, baizik eta gu guztiok kontroplean izatea.
Bukatzeko, ez dezagun ahaztu badirela ezjakintasunaz baliatzen diren alderdiak Internet bidez albiste faltsuak zabaltzeko. Hau ikusita, gure eginkizuna da pentsamendu kritikoa piztea horrelako iruzurretan jausi ez gaitezen.