Inmigrazioaren nazioarteko eguna

Erabiltzailearen aurpegia Isa Boveda 2013ko abe. 16a, 12:37

Amets beldurgarria izan dut: jaio nintzen eta bizi naizen lurraldera izaki izugarri batzuk etorri dira, zeinek txiroenei bizitzeko behar diren oinarrizko baliabideez gabetu gaituzten. Inolako eskrupulu barik eta aberasteko asmo hutsez lurra, lanak, etxeak, kultura, osasuna, jatekoa… osten duten handikiak ziren. Alferrik zen justiziaz egokitzen zitzaiguna eskatzea, haientzat ezer ez baikinen; kolpatu ahal gintuzten, zigortu, gizartearen hondarrera kondenatu, bai eta gure herritik kanpo beste bizimodu bat bilatzera behartu. Ikusi dut nire burua etxetik alde egiten, nire lagunak, senideak, herria, hizkuntza eta kultura atzean uzten. Ikusi dut nire burua leku ezezagun eta hotz batera iristen; leku bat non inork ez nauen aintzat hartzen, non oztopo bat naizen, non mespretxatua eta gaizki ikusia naizen. Ez dut inoren babesa eta laguntza topatzen, ez dut haien hizkuntza ulertzen; ez dut etxerik, lanik edo laguntza medikorako eskubiderik. Badira besteen moduko herritarra izatea galarazten duten legeak. Bertakoek uste dute beraiena lapurtzera natorrela. Beldurrez iratzarri naiz, izerditan. Unez batez ezbaian ibilitakoan, erabaki dut ametsetan jarraitzea, baina oraingoan itzarrik eta itxaropenez betea. Eta amets egin dut beste mundu batekin, non denok dugun mugitzeko askatasuna, non aberastasuna eta ondasunak banatzen diren, non inork ez duen herritik alde egin behar, non beso zabalik kulturekin gozatu eta aberasten garen, non ez den lege berezirik behar hori guztia arautzeko. Mundu bat non, batez ere, ez den beharrezkoa Immigrazioaren Eguna ospatzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide