Bizi dugun garai honetan, interes handia dago beldurra lau haizetara zabaltzeko. Hori, dena den, ez da kasualitatea; izan ere, beldurra da, ziurrenik, mugimendu disidente oro kontrolatu, menderatu eta geldiarazteko armarik baliotsuena.
Hedabideak sistema neoliberalaren morroi dira, eta haien eginkizuna da gure artean izua zabaltzea. Terrorismoa, ebola, klima aldaketa, krisi ekonomikoa, dirua eta lana lapurtzen diguten immigranteak (Maroto jauna dixit) eta beste hainbat kontu baliatzen dituzte horretarako. Ukaezina da kontuan hartu beharreko arazoak direla, baina haiek tragedia eta mehatxu handi gisa aurkezten dizkigute. Ondorioz, beldurra, borrokatzeko gogorik eza, indibidualismoa eta konformismoa zabaltzen dira. Elkartasunik eza eta egoismoa nagusitzen dira, eta hala gizartearen arazoen aurrean entzungor egitera bultzatzen gaituzte. Kontrolatu eta menderatzen gaituzte; sistemaren eta geure buruen esklabo gara.
Euskal Herrian hainbat arlotan borrokatu izan dugu: gizartean, politikan, ekonomian, lantokietan, nortasun-kontuetan... Ezinbestekoa da, beraz, borroka hori berpiztea lan-esparruan, auzoan, ikasketetan, aisialdian eta gainerako eremu guztietan, morroi gisa erabiltzen gaituen sistemari aurre egiteko. Herritarren arteko batasuna, horra hor sistemaren zutabeak kolokan jartzen dituen tresna. Inpotentziaren eta beldurraren aurrean, beraz, elkartuta lan egiten dugunean pizten den botereaz eta indarraz jabetu behar dugu, eta bide horretan aurrera egin.