Hori deitu zien Egibarrek oposizioko kideei Zaldibarreko gertaeraren inguruko argipenak eskatzeagatik, “hamar urte atzera” egin omen dute (argi dago nori zuzentzen zion mezua zehazki ezta?).
Ba neu ere miserablea naiz, Egibar jauna, neuk ere jakin nahi baitut Eitzagako zabortegian zer gertatu den, neuk ere jakin nahi dut noiz eta nola bilatuko dituzuen bi langileen gorpuak, neuk ere jakin nahi dut zein aire arnasten ari garen, neuk ere jakin nahi dut zein motatako kontrolak egin diren eta egiten diren zabortegietan (eta bereziki Zaldibarrekoan), neuk ere jakin nahi dut zer ezkutatzeko duzuen horrelako gertaera larri baten aurrean zuen jarrera hain oldarkorra izateko, neuk ere…
Inpotentzia, kezka, mesfidantza.
Amorrua, tristura, urduritasuna… zenbat sentimendu, zenbat zalantza.
Langileak, osasuna, erantzukizunak.
Hari mutur asko ditu Zaldibarreko zabortegian gertatutakoak. Galderak ezin konta ahala. Ezbehar larri baten aurrean kudeaketa tamalgarria; herritarrak inpotentzia, kezka eta mesfidantza.
Inpotentzia, bi langile lurpean daudelako eta zer egin ez dakigulako. Zer egin jakin beharko luketenek ere ez baitakite.
Bi langile horien familiak adierazitako minaren aurrean, inpotentzia, tristura.
Kezka. Gure bizitzak arriskuan al daude? Gure osasunari zein kalte egingo dio? Bi astetako desinformazioaren aurrean, urduritasuna. Lasai egoteko esaten digute, baina Zaldibar, Eibar eta Ermuan eskola umeek ezin dute jolastokira atera.
Kaletik ibiltzeko, ordea, arazorik ez? Aratusteetako egueneko programak bertan behera, baina, lasai, ez omen dugu “jantzi espazialik” behar erosketak egiteko. Egun batean ondo dagoena hurrengoan okerra da, urduritasuna.
Mesfidantza, horrelako gertaera larriaren aurrean (milaka tona zabor, bi langile lurpean, kutsadura arriskua…), gure segurtasuna eta osasuna bermatu behar luketenak hain harroputz ikusteak amorrua, mesfidantza sortzen du.
Nork egin behar ditu kontrol eta jarraipen azterketak? Nork eman behar ditu azalpenak? Nork hartu behar ditu prebentzio neurriak? Nork? Arriola jaunak lasai dagoela dio, dena primeran kudeatu dutela. Galde diezaiela bere herrikideei (badaezpada ez da bere herriko batzarrera azalpenak ematera gerturatu). Galde diezaiela zabor artean lurperatuta dauden Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen familiei.
Sutea itzali dute, amildegia konponduko dute ( AP8a ezin da itxi, hori bai katastrofea!), baina zaborraren kiratsak hari luzea dauka.
Ardurak eskatu beharko dira, berriz ez gertatzeko neurriak hartu eta horretarako herritarron kezka, inpotentzia eta mesfidantza, indar bihurtu behar dira, Zaldibarren gertatutakoa argitzeko eta ez ahazteko oihu izan behar dugu, miserable deituko bagaituzte ere.