Urte bukaera erreflexioaren aitzaki izatearen tristeziak hunkitzen nau, egunaren hogeitalau ordu eskasak,zaporerik gabeko mementuak, laburtzen doazen minutuak… bizitzaren erritmo eroak. Erlojuari so eta kantatzeko denborarik ez.
Gizartearen eskakizunak hori egitera behartzen gaituelakoan gaude, baina oker. Bizitzaren gerizpetan ahalik eta denbora gutxien egotea da gomendagarriena, denborarekin, gerizpeak iluntasun planta hartzen duelako. Faltan botatzen zaitut, hogeitalau ordu eskas horietan, niretzat garratzak diren mementuetan eta jada minutuak ez diren minutu horietan. Hemen egon beharko zinateke, gugana hurbildu, gure artean, gurekin, gure baitan… Denborarekin joan zinen, denbora bilakatuz eta kantak eraman zenituen. Urrun zaude eta hemen egon beharko zinateke. Berriro kantatuko dugulakoan nago, berriro kantatu nahi dut.Ezin diogu kantatzeari utzi, kantak zuregana hurbiltzen gaituelako.
Ordorikaren akorde grabeak, Rosenvingeren leuntasuna eta Anje Duhalderen soinu bereziak…horra eta hona eramaten gaituztenak. Gozoa eta gazia aldi berean, bizitzaren erritmo eroaren moduan. Eta doinuen artean, urte bukaerako erreflexio kantatua; Zergatik utzi behar ote diot, zergatik utzi kantatzeari…