Espazioko bi punturen arteko tartetzat hartzen da distantzia. Behin motel irakurrita, sinpleegia dirudi definizioak, laburregia edota konplexutasunik gabeko azalpena beharbada. Distantziek munduaren tirabirak bideratzen dituztela esatera ausartuko nintzake, orain eta hemendik, milaka kilometroetara, kilometroak ez baitira distantziaren errudun. Hermetismoa, berriz, bai. Berrikuntzarik ez onartzearekin batera, munduari sorbalda ematearen erabakia. Txanponaren alde bakarra ikustearekin nahiko, txanpona dela jakiteko. Pertsonen arteko lehen distantzia beraz, hermetismoa da. Ezberdintasuna aldiz, bigarren distantzia.
Kilometroek, munduaren alde batean edo bestean kokatzen gaituzte, eskaileraren mutur batean zein bestean, etengabe. Oreka baten baitan murgilduz gero arazorik ez, berdintasunaren arauen araberako jolasaren barne, eskailerak muturrik ez. Hala ez bada, eskaileraren goi partean kokatzen gara automatikoki, gainontzekoak goitik begiratuz. Distantziekin jarraituz, umilena topatzen dugu, ezjakintasuna. Historikoki ezjakintasunaren izenean esandako hainbat eta hainbat hitz oker eta gordetako hainbat irtenbide utopiko egon dira.
Azkenean, distantzia, norberaren baitan baino ez dago, ez kilometroetan, kilometroek guk nahibesteko luzeera daukatelako, kilometroei esker ari bainaiz hausnarketa hau transmititzen.