Johnny Cash ongi baino hobeto aritu zen honetaz, hark ederto ezagutzen baitzuen gizakion beldur sentsazio hura. Lehenengo arnasketekin batera eratzen da, bizitza jaso eta berehala hura galtzearen ikara garatuz. Denboran zehar ereindakoa noizbait hondatuko den galdezka, ahnedonia batean murgiltzearen arriskuan. Elkarbizitza gizarteratze prozesuaren parte denetik, psikologiaren munduan folie a deux deritzon sindromea ere eman da, pertsonen artean partekatutako zoramena galtzearen beldurra. Laztasun eta gozotasunez betetako errealitatea neurri berean. Zein latza galera baten esperoan jada daukagunaren zaporea ez dastatzea. Norbaiten ihesaren zain egoteagatik, erdibanatutako arnasketak galtzea.
Azken finean, galtzearen ekintza izandakoaren ondorio baino ez da. Horretarako gaude hemen, izandakoaren seinalea inprimatzeko. Inprimazio sendoa, iraunkorra eta tinkoa. Beldurra aztarna hori ezabatzen doa pixkanaka, muga batzuen barruan atzituz gure gaitasun guztiak. Bestela, pentsa, zenbat gauza galdu ohi ditugu galtzearen beldur?