Leku berezia da espazioa, bitxia. Aukeraz betetako tokia, txikitasuna handitasun bilakatzen den gunea. Bertara joatearen ekintza sinpleak gizakiaren izate hutsari 5-10zm gehitzen dizkio eta izarrak noizbait batera mugitzen dira, konpas elegante bati so eginez.
Mota askotako izarrak daude baina hauek, bitarrak, gutxienekoak dira, bereziak, espazioa bezala. Mizar izan zen lehena, bikotetzat daukan Alcorrekin batera eta geroztik, dantzan ematen dute existentzia. Urrutitik ikusiz gero, batera daudela esango genuke, baina gerturatzean, haien arteko distantzia nabaria antzemango genuke, elkar hurbiltzearen beldur izango bailiran.
Izar bitar guztietan ematen den ezaugarri propioa da dinamika altruista; bietatik batek distira soberan izanik ahulagoa den kideari islatzen dio argi propioa. Horrela izan beharko litzateke beti. Gure existentziaren momentu konkretu batean izar bitar bilakatzen garela pentsatzea gustatzen zait, azken finean Izar batek esan bezala, inor ez da betirako bizi ezta betirako hiltzen ere.