Zarata eta plastikoz betetako mundu honetan, lokatz eta isiltasuna izan nahi dut idatzi zuen Eduardo Galeanok. Eta agian horregatik, agian beste milaka arrazoi isilek bultzatuta, gero eta lagun gehiago ari dira mendiko bideetara jotzen: lokatzaren hozkada eta isiltasun zabal bat topatzea bilakatu delako gure egunerokoaren aurkako antidoto sotilena.
Menditik korrika egitea ez da fenomeno berria. Gure arbasoek industriaren hodeietatik egiten zuten ihes, mendian gorputzak bere erritmo zaharra gogoratzen zuelako, bihotzak patxadaz egiten zuelako lan eta eguneroko presioak atzeko planora jausten zirelako. Gaur egun panorama ez da asko aldatu. Gaurko korrikalariak ez dira epika bila igotzen, askotan, barruko zarata isilaraztera baizik. Honelako parajeetan ere, osasun mentalaz hitz egiten da, nahiz eta kontzeptu kontrajarriak diruditen. Norbaitek korrika egiten du bizirik sentitzeko; beste batek, ez sentitzeko. Biak dira gizatiarrak, baina ez berdinak.
Gaur egun menditik ibili baino, korrikan ibiltzen gara, gizartearen erritmo azkarrekin bat eginez. Badirudi abiadura bihurtu dela askatasunaren sinonimo eta mendiko bideetan ere hasi garela presaren hizkuntza hitz egiten. Askorentzat, denboraren estresak, stravaren presioak, markak obsesio bihurtzeak nahastu du dena. Aspaldi kamera atzean bizi zena, fokoen pare bizi dutelako askok. Gailurrak ez dira jada helmuga soilak: erakusleiho bihurtu dira. Baina mendia ez da horretarako sortu. Mendia ez da like artean mendratzen den istorioa, ezta helburu bakar batek gidatutako ibilbidea ere. Mendian isiltasunak ez du dena baretu, ezta altuerak guztia argitu ere. Badira karga emozionalak motxilan sartzen ditugunak, eta beste batzuk, berriz, gailurrera iritsi arren, beti gure atzetik jarraitzen dutenak.
Azken batean, mendian ikasten da ongi: ez dago zertan azkar joan, ez zertan urrun iritsi. Nahikoa da pausoa ematea, haizeak masailean jotzea eta barruan daramagun guztiari tokia egiten uztea. Horregatik bilakatzen dira lokatz eta isiltasun hauek gure bizitzako erregistro zintzoenetako batzuk. Eta agian horregatik, Galeanoren hitzak bueltaka dabiltza oraindik ere gure artean: zarata eta plastikoz beteriko mundu honetan, lokatz eta isiltasun apur batek oraindik ere baduelako zer esan.