Batzuetan jendeak bidea oztopatzen dit, baina lasaitasunez hartzen dut, badakit elkarbizitzen jakitea dela garrantzitsuena, zarata pixkat egin edo zeozer esan eta abiadura egokian joanda arazorik ez, laster utziko didate pasatzen.
Horixe da nire egunerokoa, baina… hara! Zer sorpresa hartu dudan gure aldizkarian udalak bidegorria kendu eta errepidera zuzenean bidaliko gaituela irakurri dudanean; bizikletentzako ezagutzen dudan tokirik arriskutsuenera, hain zuzen. Orain arte, bidegorrian, nire segurtasuna nire eskuetan zegoen bakarrik, abiadura moteldu eta adi ibiltzearekin nahiko; baina errepidea… Beste kontu bat da! Nire bizitza besteon eskuetan dago bertan.
Lanera joateaz aparte, errepideko eta mendiko bizikletan ibiltzea gustuko dut, eta aspaldi ezagutzen ditut gure herriko errepideek dituzten arriskuak: ikusgarritasun gutxi duten bidegurutzeak, areka irristakorrak, trafiko kopuru handia, aparkatutako autoetan bat-batean abisatu gabe irekitzen diren ateak, bizikleten mugikortasunari zentzua kentzen dioten semaforo amaigabeak… Semaforoak diot bai, proba egin dut eta 8 minutu gehiago behar izan ditut lanera errepidetik joateko, bidegorritik baino.
Horrela posible al da bizikletaren erabilera sustatzea? Eta badago oraindik gehiago beldurtzen nauen kontu bat: gogoratzen dut nola nire semearen lehenengo bizikleta ibilbideak, bidegorritik egiten genituen arriskurik izan ez zezan; orain, beste gurasoek ez dute hori aukeran izango, eta errepidera jo beharko dute beraien semeekin haiek bizikletan ibiltzen ikas dezaten… Ez dut ezta pentsatu egin nahi zer gerta daitekeen umeak bizikletaren kontrola galtzekotan (guztioi txikitan noizbait gertatu zaigun bezala).
Suposatzen dut, erabaki hau hartzerakoan, ipar Europako beste herrialde batzuen adibidea hartu nahi izan duela udaletxeak, baina argi dago hau ez dela ipar Europa, eta gure garraiobideen kultura haienarengandik oso urrun dagoela. Bide luzea dugu egiteko oraindik. Auto gidari askok ez dituzte txirrindulariak errespetatzen, eta bion arteko gatazka ekiditeko, gauzarik seguruena bi gurpildunek beraien bidea banandua izatea da.
Bai, egia da gure bidegorriak badituela hainbat arazo; batez ere, erabilera txarrarengatik eta zoruaren egoera eskasagatik. Baina bururatzen zaizkit hainbat hobekuntza bere erabilera sustatzeko: zorua konpondu, nolabait bidegorria espaloiarekiko banandu kontzientzia sortzeko (pibote txiki batzuekin nahiko, esfera erdi modukoak), oinezkoen pasabideak ondo seinaleztatu bidegorrian zebra-bideak marraztuz, udaletxearen atzealdeko eskailerak aldatu espaloiak metroak irabazi ditzan, tabernen terrazak berrantolatu, bidegorriaren erabilera kontrolatzeko kanpainak egin…
Ez dut uste hain zaila denik bai oinezko zein txirrindularien mugikortasuna hobetuko duten ekintzak sustatzea eta arazoaren irteera “errazena” bilatu beharrean, irteera seguruena bilatzea. Hori litzateke abiapuntua, eta hortik aurrera, bidegorria beste auzo batzuetara zabaltzea litzateke hurrengo pausua.
Garaiz gaude oraindik egoerari buelta emateko, pentsa ezazue pertsonen bizitzarekin jolasean gabiltzala… Damutzeak ez du ezertarako balio berandu denean.