IRITZIA

Beste bat loturik deino ez gara libre izango

Erabiltzailearen aurpegia Ixone Collado Urkijo 2021ko mar. 18a, 07:00

Asteburuan izan zen solasaldia Orozkon. / Samuel Pasandin

Martxoaren 13an izan zen 'Saharako emakumeen gaur egungo egoera' hitzaldia Donibane Aretoan, Orozkoko EH Bilduk eta Etawasol elkarteak antolatuta. Fatma Galia Mohamed Salem kazetari eta aktibista eta Fatma Elgalia Bidalla Etawasol elkarteko kidea eta aktibista izan ziren hizlariak. Pandemiak ezer gutxian laguntzen duen momentu honetan, aretoa bete egin zen Saharako herriaren egungo egoera ezagutzeko jakin-minaz, emakumeen bizipenen berri eta hainbat sorpresa entzuteko prest. 

Pandemiak ezer gutxian laguntzen duen momentu honetan, aretoaren plaza kopurua bete egin zen Saharako herriaren egungo egoera ezagutzeko jakin-minaz, emakumeen bizipenen berri eta hainbat sorpresa entzuteko prest. 

Sultana Khayaren bideodei batekin hasi zen saioa. Saharar herriaren aldeko eskubide politikoen eta giza eskubideen aldeko borrokalari honek bere egunerokotasuna kontatu zuen zuzenean. Aitzitik, erasoak eta indarkeria Sultanaren bizitzaren parte dira. 2020ko azaroaren 13an Marokoren eta Frente Polisarioaren arteko guda berpiztu zenean, Sultana espainiar estatuan zegoen. Azkar batean bueltatu zen bere etxera eta geroztik, bai bera zein bere familia kontrol, indarkeria eta atxiloketa artean bizi dira.  Emakume honi 2007an polizia marokoarrak begi bat kendu zion. Eta guda berriro hasi zenean, bere ama eta ahizpa erasotu zuen poliziak. 

Itzuleraz geroztik, 30 bat agente ditu bere etxea kontrolatzen, irten ez daitezen. Iaz beste begia kentzen saiatu ziren arren, ez zuten lortu. Sultana eta bere familia bere etxetik irten ezinda bizi da, poliziaren kontrolpean, bisitak jasotzea ukatzen diotelarik eta besteak beste, argindarra kentzeko zenbait saiakera bizi izan dituzte. 

Hots, Sultanaren kasua emakumeek guda, gatazka edo borroka testuinguru batean bizi duten adibidea da. Mundu patriarkal eta androzentriko batean emakume izate hutsa, berez, arrisku faktorea da. Sexu indarkeria, pobrezia, langabezia, erailketak, errefuxiatuak izatera derrigortuak… izaten dira andrazkoak. Baina, krudeletan krudelena zera da: matxismoz eta desberdintasunez jositako mundu honek ez ditu euren buruak zigortu nahi, baizik eta zigortzeko tresna bihurtu. Modu honetan mehatxatzen baita aurkaria; emakumeak gizonenak dira eta horregatik, horiek bortxatuz gero, nire kontra dauden gizonak zigortuko ditut. Hau da, emakumeen gorputzen kontrola izanik beldurraren estrategia ereiten da, gizonen jabegoaren parte direlako; laburbilduz, guda ospila.

Jakin-mina, konpromisoa eta militantzia uztartu zen hitzaldian eta hizlariek lurraldearen zapalkuntzaz, baliabide naturalen lapurketaz eta espainiar estatuak saharar herriaren salmenta egitea suposatu zuenaz mintzatu ziren. Benetan joan-etorri interesgarria eta sakona historian. Horretan, non emakumeak are kaltetuagoak diren, borrokalari sutsuak aurkeztu zitzaizkien begien aurrean bertaratutako guztiei. Herria zein herrikideak babesteaz arduratzen diren emakumeak, oztopoak oztopo formatu zein informatu egiten direnak, ohitura eta kulturari sostengua ematen dioten andreak…

Jakin badakite herrien arteko elkartasuna herrien arteko samurtasuna dela eta zentzu horretan, Euskal Herritik zein Saharatik urrun dauden preso politikoak ekarri zituzten gogora bi hizlariek. Orozkotik urrun dago Alaitz Aramendi, momentu honetan preso dauden 31 emakumeak bezala, kartzelaren barroteen atzean, gidaritza androzentrikoaren estrukturetako batean giltzapetuta. 

Testuinguru honetan, ezin ahaztu emakume sahararrek bizi duten arrazakeria, pobrezia eta kriminalizazioa. Izen-abizenek edo janzteko erak aurreiritziak zelan eraikitzen dituen azaldu zuten; eurek bazterkeria, begiradak eta kritikak jaso dituzte, askotan gorrak direla edo tutik ulertuko ez balute bezala tratatu baitituztelako. Belaunaldi berriak jaio dira euskal herrian ere, momenturen batean euren burua beraien herritik alde egitera behartuak ikusi zutenei esker. Azken hauek beraien lurra defendatzen jarraitzen dute urrunetik. 

Bitartean, eta mundu mailako pandemia baten erdian, Marokok kontrolatzen du hezkuntza, marokorenak dira eskala guztietako funtzionarioak eta kontatu zutenez, saharar identifikazioa dutenei gauzak ez dizkiete erraz jartzen. Marokoko hiri hurbilenera joan behar izaten dira mediku asistentzia sinpleena ere jaso ahal izateko. 

Inbasioa, kolonizazioa edo konkista. Erabiltzen den kontzeptuak garrantzi handia dauka lurralde batean bizi den jendea zapaltzen, jipoitzen eta eurena dena desjabetzen zaienean. Palestina, Sahara, Kurdistan, Euskal Herria. Handienak txikia jan nahi izaten du, gero eta handiagoa izateko. Baina ez dago mindurik edo setiaturik dagoen animalia bat baino zerbait arriskutsuagorik. Kolpatua baina ez garaitua. Inoiz ez menperatua. Urteetan amore eman gabe. Borrokan, harrotasuna. Esku hutsik utzi nautenean. Nire kemena sentitu dute Brigade Loco taldeak dioen bezala.

Beste behin ere ikasteko eta ezagutzaz blaitzeko aukera zabaldu zitzaigun martxoaren 13an. Aurretik emakume kurduek munduari erakutsi zioten estatu libre bat lortzeko, lehenbizi, patriarkatuari egin behar zaiola aurre. Biztanleriaren erdia zapaltzen duen sistema bat aurretik zegoen antolakuntza-sistema bezain zapaltzailea delako. Lan handia dago aurretik, asko aldatzeko, asko hobetzeko. “Ez naiz emakume librea izango emakume bat zapaldua dagoen bitartean, nahiz eta bere kateak gureak ez bezalakoak izan” (Audre Lorde).

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide