Iragan asteko ostegunean, herriko jaien aurkezpen ofiziala egin zen udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Jaiak antolatzeko Batzorde Paritarioan parte hartu duten herritar eta politikariez gain, bertan ziren aurtengo jaietako kartelaren egilea (Eztizen Angulo), pregoilaria (Esti Gorostiaga bertaratu zen bere aita Pabloren izenean) eta txupineroak (Bihurriak jai-taldea).
Adin eta gustu guztietarako ekitaldiez gozatu ahal izango dugu herriko jaietan. Kalejira, jolas, erromeria, herri bazkari eta bestelako ekintzen artean, aurten bereziki nabarmentzekoak dira kontzertuak. Musika taldeak entzun eta ikusteko bi gune nagusietan, txosnagunean eta zumalakarregin, primerako ikuskizunak izango ditugu: besteak beste, Kop, Willis Drummond, ETS, Izargi, Itziarren Semeak, Skasti, EH Sukarra, Atxurre (txosnagunean), La Jodedera, Bebe edo Bongo Botrako (Zumalakarregin).
Jaietan parte hartzen duten herriko kultur eta jai-taldeek ekitaldiak proposatu eta egitaraua diseinatu dute, eta hartu beharreko erabaki guztiak 7 herritar eta 7 politikarik osaturiko Batzorde Paritarioan hartu dira. Aurkezpenean, sistema horretan sakontzen jarraitu behar dela azpimarratu zuten taldeetako ordezkariek, eta prestaketetan inplikatzeko eta jaiekin gozatzeko deia zabaldu zuten.