COVID-19ak eragindako mundu mailako krisia historian sekula ezagutu gabeko astindua izan da. Ekonomia eta sistema kapitalista aurretik ere krisian zeuden. Koronabirusa detonagailua izan da, baina ez krisiaren zergatia.
Naomi Kleinek "La doctrina del shock" liburuan azaltzen zuenez, botere ekonomikoak baliatu egin izan ditu era desberdinetako shockak -hondamendi naturalak, gerrak, krisiak edo estatu-kolpeak- jendeak gustuko ez dituen erreformak aplikatzeko. Koronabirusaren krisia da Kleinek aipatutako egoera horietako bat.
Pandemiak psikologia sozialean kaosa eta zalantza eragin ditu; piztu den beldurra medio, shock egoeretan gertatu ohi den bezala, biztanleek itsu-itsuan jarraitzen diote arerio komun horren kontrako borroka gidatzen duenari. Kontziente izan behar dugu koronabirusa gorabehera baditugula sakrifikatu ezineko eskubide eta askatasun demokratiko, banako eta kolektiboak, eta hauen alde borrokatu beharko dugula.
Horregatik, jendeak prest egon behar du egungo egoerak eragindako shock honen ondorioz errepika ez dadin 2008ko krisian gertatu zena: Troikak ezarri zuen austeritatea, hamarraldi batez langile klasea zigortu zuena, eta pribatizazioak eta murrizketak arlo publikoan, esaterako osasun publiko sisteman. Ekonomia gaixorik zegoen koronabirusa hedatzen hasi orduko. Haatik, pandemiak eragin duen shockak munduko ekonomia ataka larrian jarri du. Potentzia nagusiak jota daude eta osasun emergentzia honen ondorio guztiak oraindik ez ditugu ikusi.
Egoera honek eragin zuzena du ekonomia produktiboan. Domino efektua orokorra izan da; langile klasea, zeina kontsumitzailea ere baden, etxean geratu behar izan da; enpresek jarduera murriztu edo eten egin behar izan dute, eta kaleratze kopurua edo ERTEen eraginak izugarri hazi dira.
Gure eskualdea ere, ez da egoera horretatik kanpo geratu eta pandemia honen ondorioak pairatzen ari da. Lantoki gehienak itxita daude eta langile gehienak etxetik lan egiten edo ERTE egoeran daude. Honek ekarriko dituen ondorioak ezezagunak badira ere, ELA-k argi daukana da borrokatzeko garaian gaudela, gure bizi baldintzak eta lan baldintza duinak defendatzeko eta horien zapalkuntzak ekiditeko.