XVIII. mendean gure eskualdeko pertsona batzuk eragin handia izan zuten Madrilgo Gortean, nahiz eta gaur egun gure artean oso ezagunak ez izan. Haietariko bi, garaikideak, eta Urduñarekin erlazionatutakoak: bata Jose Antonio de Armona Murga, Arespalditzan jaioa (1726-1792). Urduñan jesuitetan egin zituen ikasketak eta familiak Sevillara bidali zuen. 1777. urtean Carlos III erregeak Madrilgo Korrejidore izendatu zuen (gaur egungo alkatearen pareko agintaria). Bere agintaldia oparoa izan zen. Idazlea ere bazen eta bere obra batzuk berriz argitaratu dira azken urteetan. Haietariko bat da “Apuntaciones históricas de la ciudad de Orduña”, J. Ignacio Salazar Aretxaldek argitaratua. Argitaratu gabe eta nire ustez argitaratu beharrean badago badu beste lan bat: “Prohemio histórico de la M.N. Tierra de Ayala”. Eskuizkribua Madrilgo BNE liburutegian dago.
Beste pertsonaia Sebastian Jócano de Madaria dugu, Urduñan jaioa baita (1738-1821). Bere aita Juan Bautista Jocano margolaria izan zen, Urduña eta Amurrioko elizak margotu zituena. Gaztea zelarik Sevillara joan zen eta “Oficial de Contaduría de Indias” izendatu zuten. Sebastian Jócanoren liburu bakarra ezagutzen da. Madrilgo BNE liburutegian dago kopia bakarra: “Disertación Crítica y Apologética del Arte de llevar Cuenta y Razón”. Bere liburua orain gutxi berrargitaratu da faksimile edizioan. Adituen arabera, erdaraz idatzitako obren artean, kontabilitatearen eremuan, lehendabiziko ikerketa delako. Bestalde, frantsesetik zenbait liburu itzuli zituen erdarara. Nagusia zenean Fernando VII erregeak “Consejo Supremo de Hacienda” ren buru izendatu zuen.