Pertsona batzuk ospetsuak eta eragin handikoak izan ziren Aiaran XVII eta XVIII. mendetan. Ohietarikoak: Francisco de Mendieta (Menagarai, 1556-1620) margolaria eta idazlea eta Jose Antonio de Armona (Arespalditza, 1726-1792) eta Eugenio Llaguno Amirola (Menagarai 1724-1799) idazleak eta politikariak.
Beste aldetik, eta beste jarduera ongile bategatik ezaguna, Juan Antonio de Urrutia y Arana (Lanteno, 1670-1743) dugu. Gaztea zelarik bere osabak (Juan Urrutia y Retes) deitu zion Mexikora joateko, bere ondasunaren oinordeko izendatuz. Osabaren eraginez Mexiko hirian kargu batzuk bete zituen.
Hango Maria Josefa Paula Guerrero emakume aberatsarekin ezkondu zen 1699 urtean. Honek Queretaro hirian kaputxinoen moja- komentu bat sortzeko eskatu zion. Elezaharraren arabera, moja iloba batez maitemindu zen. Amodio hura bideraezina zenez, eskaera bakarra egin zion: Queretaro hirian zegoen ur hornidura eskasa eta zikina konpontzea.
Horrela sortu zen 1726 urtean Queretaro hirian eraikitako akueduktu ospetsu eta Amerikako handienetarikoa, Jose Antonio Urrutia Aranaren ekimenez eta babesaz. Akueduktuaren zenbakiak honakoak ziren: 1300 metroko luzera eta 28 metroko altuera eta 72 arku.
Gaur egun Queretaro hiriaren alde zaharra UNESCOren Munduko Ondare Historikoa izendatu da eta horretan akueduktuak zer ikusi handia izan du. Aiarar ospetsu horren omenez Queretaro hiriaren erdiguneko plaza batean estatua bat eraiki zen.