"El caso del vasco, en España"

Erabiltzailearen aurpegia Javier Cuadra 2014ko abu. 31a, 08:14

CBC-en (Centro Bartolomé de las Casas-en) 40.urteurrena dela-eta, Qusqu-ko andetar kitxua nahiz oihan aldeko hizkuntza txikiei (hilurrenei) buruzko mahai-ingurua antolatu dute.

Jaime Pantigozo, Donaldo Pinedo, Martha Zegarra, Ligia Alencastre adiskidea... kitxuaren egoeraz eta hizkuntzaz norbait direnak eta zerbait dakitenak entzuteko larri dago jendea. Larri gaude, bai. Eta bereziki, skype bidez esku hartuko duen Bruce Mannheim, harako "THE LANGUAGE OF THE INKA SINCE THE THE EUROPEAN INVASION" jakingarri eta erabakigarriaren egile estatu batuarra.

Zain gaude kanpoan hasi aurretik, mahai-ingurua eta hitzaldiak noiz hasiko, eta hizketan ari naiz Rafael Mercado, nire kitxua irakaslearekin... Gero, bera izango da parte-hartzaileen aurkezlea, eta hitzaldien laburpen txikiak egingo ditu, kitxuaz... Apenas oraindik ezertxo ere ulertzen diodan, dena aitor dezadan.

..........

"-Euskaraz egiten diek hik semeei?", galdegin dit Rafak.

"-Bai, beti. Beti hala izan duk, halaxe duk, eta halaxe izango duk beti sekula. Gu gutara izan, nahiz edonoren aurrean, beti."

Harridura ezagun du Rafak bere aurpegieran nire erantzunaren aurrean...

Eta nire erantzunaren aurrean bera harritzeak harritzen nau ni...

Solasa eten digute bat-batean eta neska bat aurkeztu nahi didate: Toni... Biok ezagutzen gaituzte lagunek, bana beste eta bakoitza bere aldetik, baina ez guk biok elkar bertatik bertara... "Aberkide" bezala aurkeztu gaitizkiote elkarri, eta horrenbestez, gure ezagun eta elaide komunek "aberkide" aurkeztu gaituztenez gero, emandakotzat hartu du berak katalana naizela ni, eta euskalduna dela bera nik...

Ez gara, halere, elkarren aberkide... Gehienez ere, farre artean "boutadea" jaulkitzen zait, "Una, Grande y Libre"ri desleial itsusi izatea dugu geure kidetasun aitortua eta bekatu zikina...

Farre algarak eta nola espainol "ez-izateko" bi modu garen azaltzen diegu lagunei.

Gauzak diren bezala, halako grazia arina ere badu horrelako "gakoak" konplizitatez erabiltzeak. Hemen jendeak, bistan da, ez ditu gure etxeko solas-tartikak ezagutzen, ez eta are gutxiago erabiltzen ere... Eta, sesto eta zirtoetan bezala, esplikazio ematen hasiz gero, erabat galerazten diezu grazia holakoei, hortaz... ez dituzu erabiltzen. 

Pentsamenduka ari naiz nire barnean... Inguruko lagunen solasek bestetara jo dute, baina Rafarekin hasitako solasean segitzen dut nik neure baitan, nolabait...

Eta oraintxe konturatu naiz, neska katalana, irakasle kitxuaduna, ni euskalduna eta Txiletar mapudungunzalearen (maputxezalearen) aurrean, uste baino zor handiagoa diodala nik nire osaba Jose zenari...

Bartzelonako katalana zen osaba: San Jaumekoa, zehazki esateko ere. Uda partean oporretan etortzen zen bere familiarekin, Amurrioko nire izeba Bartzelonako egindakoarekin, eta beren seme-alabekin: Josep, Montse eta Iñigorekin.

Beti ere beti, eta haria sekula galdu gabe, katalanez. Edonoren aurrean, edonon, edonola, edonoiz, edozertarako... Katalanez beti beraien artean. Beti ere beti, batere hutsik gabe.

Ikaragarri erasan eta markatu ninduen hark ni.

Batzurentzat edukazio eta gizalege falta zen hark, ezinagoko mirespen infinitua eragiten zidan niri.

Ezin konda ahala teoria aipa genitzake, beharbada, horretaz, hitzaldi eta kalaka itxuraz jakintsuaren airean... Baina nire jokaera ez litzateke benetan teoria horien aplikazioa izango, eta bai txikitan, amama zaharraren baratze hartan ("bai bainun amona xahar bat"), abuztuarekin batera, urtero urtero begien aurrean jartzen zidaten jokaera haren kopia miretsia...

...............

"-Rafa, debeku zeukeat nik semeei euskaraz ez egitea. Ezin litekek bestela izan. Nire semeekiko hizkuntza-harremanak BLINDATUTA, ekaitz eta eguzki GARANTIZATUTA egon behar dik, izan litekeen edozein gertakizunen aurrean bermatuta eta, hala izan presidente, Aita Saindu, Lama Chen nahiz Dalai, edota infernuko deabru berdez pintatu eta kateaz lotutakoaren aurrean izan, Caesarren emazteak omen bezala, euskaldun IZAN ez ezik, halaxe JOKATU ere behar diat. Izana ez duk aski... Itxura ere (sic: "I-TXU-RA"!) behar-beharrezko diagu guk."

Ezin eskatuko zieat semeei ez edatea, baldin nik lorontzietako ura bera ere edaten badut.

Ezin eskatuko zieat ez drogatzea, baldin nik eskura ahalean hirina, sukre eta zerrautsak oro sudur, ziztada eta ipurtzulo ikimiliklatzen baditut...

Ezin eskatuko zieat bikotea errespetatzea, baldin nik bazterretako gona-ipurdi guztien atzetik lerde-jario xuxara arrastaka banabil...

Ezin eskatuko zieat liburu irakurtzea, baldin ni "pelikula egin artean" zain banago...

Horrela ere, ezin hizkuntzarenganako leialtasuna eta zintzotasuna eskatuko zizkieat, baldin nik benetako zein irudizko egoeretan hura ahultzen, xixkatzen eta ostrukak bezala burua gordetzen badut..."

........................................

Hitzaldia hasia da... Jaime Pantigozok, hizkuntzaren biziraupenerako gutxienez ere "milioi bat hiztun, eta beste gauza batzuk" behar omen direla-eta, "el caso del vasco, en España" aipatu du adibideko... "Chay ñuqaq sunquyta pharaqichin..." ("bihotza taupakarazten zidak horrek").

.....................

Sakelako telefonoak txirrintxo jo dit orduan... Eguerdiko ordu biak dira... Banituen esateko batzuk, bai, han aditu eta aipatutakoetaz. Baina, eguerdiko ordu biak dira, eta... Zer balio du lagunei zergatik eta nola semeei euskaraz egiten diedan azaltzeak, baldin oraintxe bertan ikastetxera beraien bila ez banoa, hurrentsu irtetekoak baitira eta ni kasik berandu...

Bai, banituen batzuk esateko... Baina semeak jaso behar ditut orain ikastetxetik. Banoa, hitzaldia bertan behera utzita, nahitaez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide