Bost lagun ginen. Kitxuaren inguruan ari ginen. Bakoitzak, bere asmorik hoberen, zintzoen, prestuenaren arabera, bere usteak agertzen zituen; bere iritziak, bere oroitzapenak... Bizitakoak, irakurritakoak, irudikatutakoak, nondik edo handik omenka ikasitakoak, edo nik ote dakit beste zernolakoak...
Euskaldun naizenez mintzatzen nintzaien, euskararen inguruan, konparantzen maratilari eraginez, berdinduz edo desberdinduz, segun... Bi anaia Humbolt izan zirela, adibidez, eta biak elkarbanatu genituela euskaldunok eta perutarrek. Edo, beharbada hobeki, beraiek banatu gintuztela gu, kartetan bezala... Eta zaila eta nekagarria dela beti, antropologizatuta, jator, berezi, historiaurreko eta erromatarren, jesuiten edota klingondarren inperioen kontra garaitezin, euskaldun, pilotari, menditar eta ligatzen baldarra izatea...
Edo, bestetik, tribokalista, pentabokalista eta, irudikal eta konparantza, H letrak grekoz ETA izena duela-eta, nolako arrazoi sakon, pisu eta... txaldanak zabaldu ziren gure artean ere, gezurretxapetan kalaka, ditxosozko letra zela eta ez zela, puies-puies!!!...
Edo badirela apologistak, onak, txarrak, onuragarriak, kaltegarriak, pozointsuak eta.... sinplementean soso hutsak!
Ondo da... Hor ari ginen guztiok, parreak, algarak, esaldi jasoak, gogoeta larriak, hitz panpoxak nahiz "lisura" zantarrak ere tarteka, eta, bat-batean, kolpetik gogora heldu zitzaidan: "Egun batez, konpainia on batean nengoela, kitxuadunak eta ni baizik ez zen lekuan..."
Nahitaez esan behar nien... Banekien bazekitela, baina ez zuten begien bistara ekartzen, eta neure burua eskeini behar nien, koplaburuko.
Norbaitek esan behar zuen eta, gauzak diren bezala, ez nituen nire lagunak honelako gauzak esateko gauza eta "entregu" ikusten... "oraindik".
"-Estáis hablando español por mi... Os lo agradezco, pero os lo tengo que decir: yo aquí y ahora provoco una distorsión que debéis identificar y manejar... La manejáis, por supuesto, pero cuando lo hacéis, ¿Os dais cuenta de que me estáis haciendo un favor? No es lo mismo hablar conmigo, y por mi también entre vosotros, en español, creyendo que me lo debéis, o sabiendo que me lo ofrecéis. No me lo debéis; me lo ofrecéis. Yo lo sé y quiero que sepáis que lo sé... Sullpay. Eskerrik asko."
Begiratu egin zidaten. Elkarri begiratu zioten. Erdaraz segitu genuen, baina...
Beno, pentsatu nahi dut -nahi bederen- ulertu zutela zer esan nahi nien... Benetan gustatuko litzaidake, benetan esan nahi nielako.