Euskara-kitxuaz zerbait

Erabiltzailearen aurpegia Javier Cuadra 2016ko ots. 5a, 16:33

Gutxi ustean, eta gehiagoko anbiziorik gabeko kitxuazko apunte batzuk prestatzen ari nintzela, nahiko kontu jakingarri batez jabetu nintzen, oharrek, argibideek, galderek eta zalantzek batetik bestera ezarian bezala atoean ninderamatelarik...

Hemen, Perun hain gaizki ikusita dagoen Toledo erregeordeak ezarri zuen kitxuazko lehen katedra Limako San Markos Unibertsitatean, 1579an... Berak akabatu zuen Wilkabanbako erresuma Inka, trikili-trakala nekez iraundakoa, 1572an, Loiolako Gure Koju santuaren loba txiki batek, Gartzia Oñaz Loiolakoak, azken Inka harrapatu eta, sari gisa, beraren emaztearekin ezkonduta.

Gogoan dut, Hizkuntza Politikei buruzko Forum batean, hemen Cuscon, beren hitzaldia eman berria zuten Miren Azkarate eta Pello Salaburu nituen ondoan, eta Cuscoko katedralean (Belategi bizkaitarrak eraikitakoan, hain zuzen) dagoen margolan baten berremana agertu zuen hizlari batek panel batean: Gartzia Oñaz eta "coya" ezkondu zirenekoa... "Sinbologiaz" beteriko margolanean, Loiolako Inazio agertzen zen, eta, sekula ez zait ahaztuko, nolako "haur-harritu-aurpegierarekin" jaulki zidan Salaburuk: "Bera duk-eta, ezta???". Bai Gure Koju Santua zen, ezkontzari babes izpiritual (edo antzeko zerbait) emanez.

Toledoren kitxuaren aldeko jarrera ez zen doakoa izan, noski. Aukeran ere, bere arrazonamenduaren segizio logikoa ere bazen: Toledoren asmoa, eta bere segizio historiografikoko kronikagileek idatziz landu zutena, Inkak menperatzaile konkistatzaile izan zirela frogatzea zen... Eta (egun hizkuntzalaritza diakronikoak inondik onartzen ez duen, baina ideologia linguistikoan bizi-bizirik -aspergarrian ere bizirik- dirauen kitxuaren inken eraginezko zabalkuntzaren ondorioa da Toledok kitxua "mesedetzea") ildo horretan, "Inka" berria da Toledo... Ez Inka historikoa, baina berak eta bere parafernalia bibliografikoak sustatu zuen Inka idealaren irudika.

Kitxua, bai, baina besterik ez. Kitxuari ikastegia ematearekin batera bestelako hizkuntzak gogorki akabatzea eta debekatzea agindu baitzuen. Pukina, aimara eta gainerako hizkuntzen kontrako jarrera izan zen, zuzen eta zehar, kitxuaren alde egite hark... Lizun sunda bat, artean esateko, hori, oraindik ere uste baino pisuago segitzen duena. Ikaragarria da, 47 hizkuntza inguru dituen estatu batean, zer gutxi, zenbaterainoko ezaxola eta ezantsia ezagun duten "kitxuazale" askok... Edo, bestela esateko, kitxuaren aldeko arrazonamendua, norainokoan den "europar inperialista inozoa" gainerako hizkuntza eta etnien alderakoan... Baina bego hori horrenbestez, eta gelditu nadin berehala, sobera berotzen hasi aurretik.

Toledok ezarritako katedrak berrehun urtean iraun zuen, 1782an, Tupaq Amaruren matxinadaren ondorioz kitxua usaineko ia dena debekatu zenean... Artean esateko, Tupaq Amaruren matxinada, geure herriko (Lezamako, esan nahi baita, egun Amurrio, baina artean Aiara Herriko Ermandade zen Lezamako) Arriaga Gurbista Tintako Korregidorea, benetako piztitzarra, akabatuta hasi zen... Eta, giro hartan, beste euskaldun bat agertzen zaigu, Jauregi orduko erregeordea, berak debekatu baitzuen, hain zuzen ere, kitxuazko katedra hura.

Artean esateko oraino, kitxuak ez ezik, orduan ikusten dugu nola Borbondarren hizkuntza politika berriak (aurrekoen segizioko, bai, baina askoz ere sistematiko eta, Borbondarrak Borbondar, paradoxikoki "pre-jakobinoak") euskara ere ukitu zuen, besteak beste, orduan debekatu baitzen gorago aipatu Loiolakoaren bizitzaz ziharduen liburuxka baten inprimatzea, Nafarroan...

Sarritxo ahazten zaigu Inperioak bere parteak osotasun bezala ikusten zituela, eta nonbaiteko mugimenduak berehala iradokitzen ziola beste nonbait ere antzera gerta zitekeela... "Izkirimiri" gisa, nola ez dugu gogoratuko Francisco Pizarroren aitaren aurrean, Gonzalo Pizarro "El Largo"-ren aurrean, zin egin ziola Gaztelako Koroari bere leialtasuna Bernard Etxepare nafar gaztelazaleak??? Batzuetan, mundua, Ciro Alegria perutarrak zioena erdizka egia: "Ancho y ajeno" ez, baina "ñimiñoa eta..., hori bai, arrotza eta besterena" dela ematen du.

Bertan behera geratu zen, beraz, kitxuaren Unibertsitateko aukera, eta Ippolito Galante italiarraren eraginez berpiztu zen hura berriro ere, 1938an bezala... Fascioko kide sutsua zen Galante, eta Mussolinik nazioartean zabalduak zituen "enbaxada kulturaletako" lagun eta ekintzaile nabarmena....

Halaxe ikusten dugu beti, bai hizkuntza aldetik ahalegintsu (eta gaudimen handiko ere bai, ez ditzagun gauzak nahastu, miragarrizko hizkuntzalari handia izan baitzen faxista zikin hura), baina baita beti Italiako faxismoarekin bateratsu zeuden estatuetan langile (Benavidesen Perun, Francoren Espanian...).

Kitxua zaharraren idazkirik jakingarrienetakoa dugu, adibidez, HUAROCHIRIKO ESKUIDATZIA, egun bezala aspalditik ere Madrilgo Liburutegi Nazionalean dagoena... Argitalpen batzuk egin izan dira, bai, eta itzulpenak ere bai, hala espainolez, nola ingelesez, frantsesez edo alemanez (euskarazkoarekin ari naiz ni orain, esatea zilegi bekit, eta nork bere burua aipatzea itsusi ematen badu ere), baina Galanteri latinez egitea gogoratu zitzaion, eta Italiako faxismoak frankismoari eginiko opari gisa aurkeztu zen hura bere garaian, Francori dedikatuta, nahiz, "teknizismotan" sartuz gero, testu kitxua zenez, ezer gutxi zuen ikustekorik hark Italiarekin, eta Madrilgo Bibliotekako jabetza zenez, hobeki zen espainiarren jabetzakoa italiarrenekoa baino... Bego, halere.

Barkatu esateko modu kasik tonto hau, baina nik ez nekien Ippolito Galante ezagutzen nuenik, nahiz, nolabait, ezagutzen nuen, bai... Izan ere, eta pilotaren historiarik hain jakingarria den Girolamo Mercuriali-ren ARTE GYMNASTICA-rekin borroka ("joko") latzean ibilia nintzelarik, Galanteren italierazko itzulpena ere erabilia nuen eskuartean (1956an), baina ez nion kontuaren, kasualitatearen edo dena delakoaren alkantzuari erabat erreparatu...

Nolanahi ere, harira itzulita: 1938an, eta Espainiako gerraren durundiak Perun (Liman gehiena) ozen zebiltzalarik (oligarkia criolloa Francoren alde gehienbat, eta Mariategiren ildotik azkartzen hasiak ziren ezkerreko joerak, berriz, Errepublikaren alde), hizkuntza aldetik aipatzen dira egunkarietan (LA PRENSA-n, batez ere) EUSKALDUNAK eta KATALANAK ("berririk ez zerupean...")...

Kitxua, katedra bezala, edo, esaten zuten bezala, kitxua atzeratu, primitibo eta "oxotadun" (esan nahi baita, ordainez, "abarkadun") grekoa eta latinaren pare ematea, eskandalu iruditu zitzaien jarrera criollista kultu jakintsuei, eta kitxua Unibertsitatean sartzeak, "euskaldun eta katalanekin gertatu bezala" Peruko separatismoak eragin zitzakeela izan zen orduko arrazoia eta arrazonamendua askoren ahotan.

Eskerrak, noski, Francok irabazi zuen... Horrela, Kitxuazko Linguistikaren arrisku ezkertiar, separatista, burujabe etab. bukatu zen unibertsitatean, eta inor ukitzen, inor bultzatzen, inori axola ez dion "aberastasun kultural aspaldiko parte miragarri eta heraldiko" segitzen du "gure kitxua maiteak". Qusqumanta, waskuruna suyumasikunaypaq (Qusqutik, nire euskal herritarrentzat). Ondo izan.



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide