PONGOQ MOSQOYNIN [Punguq musquynin] / PONGOAREN AMETSA

Erabiltzailearen aurpegia Javier Cuadra 2016ko api. 4a, 05:25

Lehenbiziko aldiz ausartzen naiz kitxuazko idazlan luze bat euskaratzen. Nahikoa lan, egiaz. Nahikoa gozamen ere bai. Euskaratik kitxuara eta kitxuatik euskarara hitzei, esamoldeei, esanahiei atzeman nahiean, fondo eta forma bilatzen, artekatzen eta biribiltzen. Zaputzak ezintasunean, eta poz kasik mozoloak ez hain gaizki asmatutakoan...

José Maria Arguedas, eleberrigile perutarra, antropologoa,... egiaz, gizon jakingarria iruditua zitzaidan beti, edo, hobeki, Peruz halako interes berezi bat egiten hasi zitzaidanez geroztik (esan nahi baita, bestitzez, orain nire emaztea dena ezagutu nuenez geroztik...). Pozik ikusi nuen, gainera ("LA UTOPIA ANDINA"), Vargas Llosak ez zuela "irensten"... Vargas Llosaz bestaldeko izateak, beraz, zalegarriago egiten zidan oraino, posible bazen ere...

Biziki gogoratzen dut nik euskarazko liburu bat: Txillardegiren "HUNTAZ ETA HARTAZ"... Esateko ere, izango da, noski, liburu hori nik baino gehiagotan irakurri duenik; baita nik baino hobeki eta probetxu handiagoarekin irakurri duenik ere... Bertako hitz bat bakoitza, behin eta berriz, nik baino gehiagotan irakurri duenik, ordea, nekez gogoratzen zait.

Euskaraz apenas batere nekiela hasi nintzen ni, "mila urtetik gora duela", liburu hori irakurtzen, hamar hitzetik bederatzi hiztegira jo beharrean beti...

Halaxe sentitu naiz orain berriz ere Arguedas kitxuaz irakurtzeko orduan: "Pongoq mosqoynin" (garai hartako kitxua pentabokalikoan; "punguq musquynin" oraingo tribokalikoan), "Katatay" ("Dardar-ikara"), "Tupaq Amaru kamaq taytanchisman" ("Tupaq-Amaru gure aita sortzaileari")...

Eta, beharbada, oroz gainetik, espainol garbi ederrean bada ere, "No soy un aculturado"...

"Ni ez naiz akulturatua; ni, deabru zoriontsua bezala, indioz eta kristauez, kitxuaz eta kastillanoz, mintzo den perutarra naiz. Neure barneko izate neurezko hori hizkuntza artistiko ere bihurtu nahi nuen eta, halako adostasun zabal bat ere bada, antza, bazterretan, askitto arrakastaz lortua ote dudan hori ere".

Egun gutxi batzuk dituela liburu bat aurkeztua da Bolivian, "¿SER O NO SER BILINGÜE? LENGUAS INDÍGENAS EN FAMILIAS URBANAS"... Hurrentsu aurkeztuko da hemen Cuscon, eta liburuaren aurkezpenean iruzkingile egoteko ohorea egin didate hemengo lagunek, euskaldun naizenez eta, diotenez, Euskal Herritik hona, emazteak eta biok ekarria dugun gure semeekiko portaera linguistikoa gogoan.

"Pongoak" (“morroiak”, itzulpen zail batean) eta "gamonalak" ("jauntxoak", honek ere hitzaren toselak eta azpildurak erabat agortzen ez dituen arren)... Horietxek, besteak beste, kitxuaren egoera soziolinguistikoaren arrazoi arkeologiko sakonetan funts eta giltz makurretako batzuk. Ez bakarrak, baina bai behinenetakoak.

Etxaldeek atxikia baitute kitxua neurri handian, lurjabe handien interesa baitzen, bistan da, beren morroiak, "maizterrak" (balio ote du hitz horrek hemen?) kitxuadun elebakar ezjakin eta beste inora gabeak izatea...

Baina serbilismoa (nola esan hau inor iraindu, mindu gabe?), azaleko xularmeetatik iltzatua ematen du askotan, hezur muinetaraino.

Mintzatua naiz ni "gamonal" izandako batzurekin... Ikasia dut beren "agindu ematen zalea" eta... matxura hori du animalia honek agindu betetzen ez hain zalea izatea. Egoera "fuerte" samarrak ere izan ditut hari horretan... Eta horrelako batean gogoratu zitzaidan, 1863an Lambayequeko Talambon, euskaldun haiek Salcedo lurjabearekin izan zuten iskanbila: "euskaldunek ez ziotela errespetuz hitzegiten" salatu zuen lurjabeak...

Mila galdera izan dut beti "errespetu falta" horretaz... Euskaldunen erdara dorpea zen? Edo Azpeitiko Santxoren "hidalgo yo no?"...

Ez dakit. Oraingoz galdera ez dut gainetik kendu. (Kendu nahi ere ez, beharbada...).

Miletan esana dut: kitxua ez da nire hizkuntza; ez da nire arbasoan hizkuntza, baina... nire semeen arbasoen hizkuntza da, ama aldetik, eta hortik dut nik hizkuntza hau "heredatua": nire ondorengoek jarauntsia didate.

Eta, argi eta garbi, kitxua biziko bada, hain gaizki ulertutako "errespetuak" galdu behar ditu.

Ondo izan eta...

"Miazka ezazue elkar. Poliki, astiro, dastatu ezazue"

 ___________

 

JOSÉ MARIA ARGUEDAS

EL SUEÑO DEL PONGO / PONGOQ MOSQOYNIN.

(Itzulpen saio apal bat kitxuatik)

PONGOAREN AMETSA

Bere nagusiaren etxaldera abiatu zen gizonttoa. Morroia zenez, pongo txanda, hau da, landa-egoitza handiko zerbitzari txanda, betetzera zihoan. Txikia zen, gorputzez erkina, kemenez ahula, orotarik arlote itxurakoa. Zaharrak ziren bere arropak, piltzarrak.

Etxaldeko jaun handiak, gizonttoak jauregiko korredorean agurtu zuenean, ezin eutsi izan zion farregurari.

—Gizakia haiz hi? Edo beste edozer, beharbada? —galdetu zion, zerbitzuko lanetan ari ziren gizon eta emakume guztien aurrean.

Pongoak, bere buruaz umil eta lotsetan erantzun zuen. Beldurturik eta begiak izotzezko bezala, geldi geratu zen.

—Ea!! — esan zuen nagusiak— sukaldeko lapikoak garbitzen jakingo al duk behintzat… edo esku ezteus horiekin erratza astintzen bederen!!!... Ken iezadak begietatik kanpora zabor ustel hori!! —agindu zion etxaldeko ugazabari jaunak.

Belaunikatu eta nagusiaren eskuak musukatu zituen pongoak. Eta sukalderaino jarraitu zion ugazabari gero, guztiz konkortuta.

Arras txikia zen pongoa gorputzez, baina gisako gizonaren indarra bazuen, eta egoki burutzen zuen beti agintzen ziotena oro. Halere, halako izutu aire bat agertzen zuen beti bere aurpegiak. Etxeko morroi batzuk farre egiten zioten itxura ikaratu horrekin ikusten zutenean; beste batzuk, berriz, hartaz errukitzen ziren. «Umezurtzetan umezurtz; bere begietako hotz hori, bere bihotzeko tristura bare hori… Ilargiko haizearen kume dira horiek, noski», hala jaulki zuen sukaldeko andre mestizoak gizonttoa ikusi zuenean.

Ez zuen gizonttoak inorekin hitz egiten; isil-isilik egiten zuen bere lana; isil-isilik jaten ere bai. Agintzen zioten guztia betetzen zuen, «Bai jauna, bai andrea», besterik ez esanez.

Beharbada izuti itxura hura zuelako, eta jazkiak zeharo piltzartuta, edo beharbada hitzik egin nahi ez zuelako, inoiz ez bezalako mesprezu zorrotza hartu zion nagusiak gizontto hari. Iluntzero, morroiak etxeko korredore luzean «Agur María» errezatzera biltzen zirenean, orduantxe zuen nagusiak pongoa bereziki martirizatzen, gainerako morroien aurrean beti; amaraun itogarriari eraginez bezala.

Burutik beherantz bultza eta belauniko jarrarazten zuen; eta horrela, jezarririk jarria zuelarik, eskuzarta txikiak jotzen zizkion masailean.

—Txakurra haizela uste diat —esaten zion—. Zaunka egin ezak!!

Gizonttoak ezin zuen zaunkarik egin.

—Lau zangotan jar hadi! —agintzen zion orduan.

Pongoak esana egin eta urrats batzuk egiten zituen gero, lau hankatan.

—Korri albokara! Txakurren gisara! —jarraitzen zuen nagusiak agindu ematen.

Gizonttoak bazekien punako txakur txikien gisara lasterka egiten.

Ondo gogotik egiten zuen nagusiak farre algara; gorputz osoa astintzen zion farre lodi lehertu betean.

—Itzul hadi! — egiten zion oihu, morroia korridore luzearen muturrera iristen zenean.

Albokara lasterka itzultzen zen berriz ere pongoa, neka-neka eginda.

Bien bitartean, gainerako beste morroiek «Agur Maria»ka segitzen zuten, otoitzean astiro, bihotz barneko haize mantsoaren antzera.

—Orain jaso belarriak, tente, bizkatxa! Bizkatxa haiz orain! Bizkatxa halakoa! —agintzen zion nagusiak gizontto etsituari— Eseri bi hankatan, eskuak elkarlotuta!!

Bere amaren sabeletik zerbaitek bizkatxa izana erantsi balio bezala, animaliatxoaren ihakinda zehatza egiten zuen orduan pongoak, peto-peto, haitzen gainetan otoitz antzean zutik, geldi-geldi dandai daudenean bezala. Baina ezin zituen belarriak zutitu. Farre algaran hasten ziren orduan morroiak.

Orduan, poliki ostikoz jota, ez zakar, korridoreko adreiluen gainera botatzen zuen gizonttoa nagusiak.

—«Aitagurea» erreza dezagun! —agintzen zien nagusiak iladan zain zeuden bere indiarrei.

Ahal bezala zutitzen zen orduan pongoa, nekez, baina ezin zuen otoitzik egin, otoitzerako zegokion lekuan ez zegoelako, eta lekurik ez zegoelako batere berari zegokionik...

Ilundutakoan, korredoretik patiora jaitsi eta etxaldeko baserrira abiatzen ziren morroiak.

—Hoa, txotxo, hoa! —agintzen zion gero nagusiak pongoari.

Eta egunero zen horrela, beti berdin: gainerako morroien aurrean ihalozkatzen zuen nagusiak pongoa. Farre egitera behartzen zuen, edo negar-marraska itxurak egitera, berdin… Guztien farregarri erabiltzen zuen, eta bere kideen ohiko burlagarri bilakatua zuen, halabeharrez.

Baina... arratsalde batean, «Agur Maria»-ren garaian, etxaldeko lagun guztiak korridorean zeudelarik eta nagusia ohi bezala pongoari zeiharrez begirakune mutiriaz jada so egiten hasia zitzaiolarik, hizketan hasi zen pongoa, inoiz ordu artean ez bezala, argi eta goratik. Izua ageri zuen oraino bere aurpegierak hizketan hastean.

—Jaun gorena, eman biezat berorrek bere baimena, arren bai arren, hitz erdi txiki batzuk egin nahi bainizkioke neure aitatxo horri —esan zuen.

Nagusia ezin sinetsita zegoen hura entzunda…

—Zer? Hik hitz egin didak, ala beste norbait ari ote zait? —galdegin zion.

—Bere baimena, mesedez, eman biezat berorrek, aitatxo nireak, hitz egin diezaiodan. Berorri hitz egin nahi nioke, otoi —eskatu zuen pongoak berriz ere.

—Hitz egin ezak... baldin badakik ere, bederen —erantzun zion nagusiak.

—Nire aita, nire bihotzeko jaun nirea —hasi zen gizonttoa—, amets egin nuen bart gauean, gu biok hilak ginela; elkarrekin, aldi berean hilak ginela gu biok...

—Neurekin? Hi? Dena konta ezak, indioa! —esan zion nagusiak.

—Gizon hilak ginenez, neure jauna, biluzik geunden biok, elkarren ondoan; gure Aita San Frantziskoren aurrean biluzik.

—Eta gero zer? Esan ezak! —agindu zion nagusiak jakinminez, haserre bezain urduri.

—Gure Aita San Frantziskok elkarrekin, biluzik, hilik ikusi gintuenean, noraino iristen eta ikusten duten ezin jakin ahaleko bere begi zorrotzez aztertu gintuen. Berori eta biok aztertu gintuen, gutako bakoitzaren bihotza eta zer ginen eta zer garen xeheki arakatuz. Edo hala ari zela iruditu zitzaidan niri behintzat. Berorrek, nire aita horrek, gizon handi eta aberatsa denez, haren begiei aurrez aurre begira tinko eutsi zien, buruz buru.

—Eta hik?

—Ezin dut nik jakin nola egon nintzen ni, jaun handia. Ez dago nire jakitean nire balioa…

—Ondo duk. Segi kontatzen.

—Orduan, segituan, gure Aita handiak honela esan zuen bere ahotik. “Aingeru guztietan, datorrela ederrena. Eta beste aingeru txiki ezin ederrago batek ere egin diezaiola aingeru horri aialdeko eta lagun. Eta aingeru txikiak urrezko kopa bat ekar dezala, eta urrezko kopa txankakazko eztirik gardenenaz betea izan dadila”.

—Eta orduan? –galdetu zuen nagusiak.

Inguruko morroi indiarrak adi zeuden, pongoari adi-adi; ezinago erne, baina beldurrez beti.

—Nagusi jaun nirea, neure nagusi jaun hori, orduan gure Aita San Frantziskok agindua eman bezain laster, aingeru bat agertu zen, dirdirka, eguzkia bezain gora, eta gure Aitaren aurre-aurreraino iritsi zen, urratsean lasai, astirotsu. Aingeru handi horren atzetik beste aingeru txiki bat ere etorri zen, ederra, lerdena, loreen dirdaia bezain argi xuabekoa. Urrezko kopa bat zekarren horrek eskuetan.

—Eta orduan?? —estutu zuen nagusiak, larri.

—«Aingeru nagusia: urrezko kopako eztiaz estal ezak zaldun hau; eta luma samurrak bezalakoak izan daitezela hire eskuak bere gorputz gainetik iragaitzean». Horrela agindu zion gure Aitak aingeru goitiarrari. Eta horrela, aingeru goresgarriak, esana zioten bezala, bere eskuetan eztia jaso eta ezti gozoaz margotu zuen berorren gorputza, oso-osorik, burutik hasi eta oinetako azken azkazaleraino ezti gozoaz estaliz. Eta zutitu zen orduan berori, gora, handi, eta zeruaren argi erlantzean ere nabarmen gainetik hedatu zen berorren gorputzaren argia, itsugarrizko urregorria balitz bezala.

—Behar den bezala, noski!! —esan zuen nagusiak, eta berehala galdetu:

—Eta hiri?

—Berori zeruan distiratzen zelarik, gure Aita San Frantzisko handiak, beste agindu bat gehiago eman zuen: «Zeruko aingeru guztietan kaxkarrena, arruntena eta ziztrinena etor dadila orain neure aurrera, eta ekar dezala aingeru horrek gasolina ontzi bat gorotzez betea».

—Eta orduan?

—Gehiago ezertarako ez zegoen aingeru korrokoildu bat inguratu zen orduan gure Aita Gorenaren aurreraino; zahartua, hegal guztiz jauzi eta abailduei beren lekuan eusteko indarrik ere gabea eta bere oin ezkatatsuen gainean ozta ere zebilen; erabat nekatuta etorri zen, eskuetan ontzi ttarrotxo bat zekarrela.

—Aizak, xaharra!! —agindu zion gure Aita Handiak aingeru gizaxo horri— ekarri duan gorotzaz gizontto honen gorputza igurtz ezak; goitik behera, ahal duan moduan baldar horrek, baina gorotzez oso-osorik estali behar duk. Aguro!”. Orduan, ontzitik eskutadaka atereaz gorotzaz estali ninduen aingeru zaharrak bere adabegizko esku iharrez, lardaski, etxe zahar arruntaren hormara lokatza jaurtikitzen den gisan, arau eta itxura gabe. Eta ahalgetuta agertu nintzen ni zeruaren argitasunean, kiratsa zeridalarik...

—Eta halaxe izan behar zian, noski —berretsi zuen nagusiak—. Jarrai ezak! Edo horrenbestez bukatu zen kontua, beharbada?

—Ez, nire aitatxo, nire jaun nirea, ez zen kontua horrenbestez bukatu. Eta, lehengoaz hain bestela orain berriz ere, gure Aita San Frantziskoren aurrean biok atzera gertatu ginenean, so egin zigun berak berorri eta neroni beste behin, luzaroan. Zerua asetzen zuten bere begi haiekin, ez dakit nik norainoko barna eta sakon iritsi zitzaigun sakonean bioi, gaua eta eguna, oroimena eta ahanztura berdinduz eta orobatuz. Eta honela esan zigun: «Beren egitekoa egina dute aingeruek zuekin, honainokoa da beren lana, eta zuen aldia da oraingero: batak bestea miazka ezazue. Elkar limika ezazue. Astiro egizue, luzaroan, poliki dasta ezazue!».

 

Gaztetu egin zen orduantxe aingeru zaharra; beren margo beltza, beren indar bizia  berreskuratu zuten bere hegoek orduan. Gure Aitak bere borondatea bururik buru bete zedila begiratzea agindu zion.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide