"LOZORROTIK BAT-BATEAN BEZALA" (LAGUN BATI GUTUNA)

Erabiltzailearen aurpegia Javier Cuadra 2016ko mai. 18a, 17:00

"Datorren 27an familia elebidunen esperientziak biltzen dituen liburu baten aurkezpena izango duk Cuscon, eta iruzkingile gonbidatu naiate antolatzaileek...

Bart arratsean hasi ninduan liburua, ez irakurtzen, baina bai gainetik eta iraitzez orrikatzen, mokoka nagian bezala... Eta horretan ari nintzela, antolatzaileek beti "miretsi" digutenak (hau da, hasieratik beretik gurean andreak eta biok argi izan duguna: nik haurrei beti euskaraz egingo niela), beste itxura bat hartu zian bat-batean. Lehenbizi neure gogoan. Gero geure hitzetan...

Poetikoki eta praktikoki bi emakumeren gorabeheran ikusten diat nire familiaren egoera linguistikoa: gure amona zena eta nire emazte perutarra... Sabina Epelde Uribarri Baranbiokoa eta Martha González Pilares Qusqukoa.

Baina, esan bezala, bat-batean zerbait "gontzetarik jalgi" bezala zitzaidan... Andreari inoiz egina ez nion galdera egin nioan: "Sekula ez didan nik haurrei euskaraz, eta bakarrik euskaraz, eta beti euskaraz, egin niezaien trabarik jarri. Esateko, gogotik lagundu ere egin izan naun... Baina, baldin haurrekiko hizkuntza euskara gabe, kitxua izan balitz... Onartu hukeen hori hik? Nik kitxuaz bakarrik egitea?..."

Begira geratu zitzaidan, luze, eta azkenean: "Ez diat uste...".

Zer pentsatu eman ziguan horrek, noski, bioi. Bat-batean esnatuta bezala... Andrea azkarra diat, psikologoa duk eta aurreritzi gutxi ezagutzen zizkioat ezagutza-, herritasun- edo gizarte-klase aldetik, eta areago esango diat, "berdintasun-kontuetan", benetan esaten diat uste dudala gehiago ikasi dudala nik berarengandik berak nigandik baino, baina... inoizko aurkikunderik handiena egin bagenu bezala geratu gintuan biok, euriak busti egiten duela ohartu den haur txikia bezala... Euskararen aldera ez dik aurreritzirik, baina kitxuaren aldera, bai konparazioan...

Edo, bestela esanda, ondo edo gaizki, gutxi edo asko, euskararen aldeko aurreritziak kendu dizkion norbaitekin egin zian topo... Baina ez zian kitxuaren alderako aurreritziak kendu zizkionarekin topo egin. Eta aurreritziak ez dituk berenez erortzen, agortzen, bukatzen. Borrokatu behar dituk. Aurreritzi horiek, esan nahi diat, ez esaldi larri eta panpoxetan identifikatzen dituan nabarmenezko horiek, ez; txikiak, mikrobiotikoak esan nahi diat: gutiena uste duanean begietara, belarrietara, burura salto egiten diaten horiek...

Bufoietaz ari gaituk, noski... Aurreritzi batzuk errege-erregina dituk, handiosoak, nabarmenenak, goitik irtendakoak... Beste batzuk, ordea, bufoi txiki, edozertarako lizentzia atxikitzen dutenak. Ziztada txikia, zast!, eta atzera izkutatzen direnak, ezer gertatu ez balitz bezala...

Armiarma sareak euli gaitik guztiok... Beharbada ez "hemen", baina bai, gutieneko ustean ere, "han" edo "hor". Edo... "gero". Edo... "honekin".

Eta hortxe ari gaituk biok orain, andrea eta biok, jaja... Geure harriduratik lurrera ahalik-eta zintzoena jaitsi nahiean..."

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide