Datorren irailaren 12an 19:30ean Amurrioko Kultur Etxean, Energia Iraunkorraren Aldeko Ekintza Planaz (PAES) informatzeko eta hartan parte hartzeko bilera egongo da.
PAESa nola doan eta zertan den azalduko dute, eta parte hartzeko modua izango da, iruzkinak eta ekarpenak eginez.
Zertan datza planak?
Alkateen Itunari atxiki zaio Amurrio, baita erkidegoko beste 17 udalerri ere, batez ere helburu honekin: 2020rako udalerriaren isurketak % 20 gutxitzea.
Zergatik?
Udal-agintariek zeregin inportantea dute klima-aldaketa moteltzen laguntzeko. Berotegi-efektuko gas-isurketen erdia baino gehiago hirietan sortzen da. Herritarren % 80k hirietan bizi eta lan egiten dute, eta hor kontsumitzen da energiaren % 80. Administrazioren arloan, udal-agintariak daude herritarrengandik gertuena, eta, beraz, toki egokian daude haien kezkak ulertzeko.
Horregatik, tokiko gobernuek izan behar dute lehenak energia-politika iraunkorrak martxan jartzen; ahalegin hori aitortu eta lagundu egin behar zaie.
Alkateen Ituna Europako Batzordeak prestatu duen ekimen nagusia da gai horretan; hau da, itun horren bidez, tokiko eta eskualdeetako agintaritzek konpromisoa hartzen dute beren lurraldeetan energia modu eraginkorragoan erabiltzeko eta energia-iturri berriztagarriak erabiltzeko. Udalerri osoan energia-planak egitea da helburua; alegia, hemendik 2020ra, udalerriko sektore guztietako energia-kontsumitzaile guztientzat planak egitea.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Energiaren Euskal Erakundeakdarama ekimen hori, eta tokiko agintaritzak inplikatzen ditu Europako energia-politikaren helburuak lortzeko.
Hau da helburu zehatza: udaletan % 20 baino gehiago gutxitzea CO2 isurketak, hemendik 2020ra, efizientzia energetikoa % 20 hobetuta eta energia-iturri berriztagarrien erabilera energiaren amaierako kontsumoan % 20 handituta.
Amurrioko Udala atxiki egin zaio Alkateen Itunari, eta, hala, bat egin du helburu horretan diharduten erkidegoko beste 17 udalerrirekin eta Europako 4.500 hirirekin. Zehazki, udalerri hauek ari dira erkidegoan tokiko energiaren hobekuntzan: erkidegoko hiru hiriburuak, eta Areatza, Irun, Oñati, Amezketa, Abanto eta Zierbena, Balmaseda, Basauri, Tolosa, Portugalete, Hondarribia, Usurbil, Mungia eta Amurrio. Herri horietan, erkidegoko biztanleen erdia dago.
Konpromiso politikoa neurri eta proiektu zehatzetan gauzatzeko, urte bat izango dute ituna sinatu dutenek; urte horretan,Erreferentziazko Isurketen Inbentarioa egin beharko dute, etaEnergia Iraunkorraren Aldeko Ekintza Plan bat diseinatu, oinarrizko ekintzak azalduz. Egin beharreko proiektuen zerrenda espezifikoa dakar dokumentu horrek, eta ibilbide-orritzat balioko du, hurrengo urteetan isurketak gutxitzeko nondik jo behar den erakusteko. Hor datozen jarduerek udalerrian energia kontsumitzen duten sektore guztiak hartzen dituzte. Efizientzia energetikoan hobetzeko ekintzak biltzen dituzte, baita energia berriztagarriei, mugikortasun iraunkorrari eta hondakinei lotutako ekintzak ere.
Helburuak
Hauek dira Amurrioko energia iraunkorraren aldeko planaren helburuak:
- Udalak tresna bat izatea Europar Batasunak 2020rako dituen helburuak gainditzeko. Tresna horrekin, CO2 isurketak % 20 gutxituko dira, efizientzia energetikoan hobetuta eta energia-iturri berriztagarrien alde eginda.
- Udalerriko energia-kontsumoa eta CO2-aren isurketa globalak identifikatzea eta jarduera-sektoreka ordenatzea.
- Udalaren eskumenpean dagoen sektore bakoitzak klima-aldaketan zenbat eragiten duen jakitea.
- Neurri-inbentario bat izatea, efizientzia energetikoan hobetzeko eta energia berriztagarrien alde egiteko.
- Klima-aldaketa moteltzeko, udalaren ekintzen efizientzia eta koherentzia hobetzea, ekintza espezifikoak zehaztuta.
- Inplikatuta dauden udal-eragile guztien parte-hartzea bultzatzea, baita herritarrena ere, PAESa zehazten eta garatzen lagunduta.
Faseak
Amurrioko PAESa egiteko, fase egituratu hauek landu beharko dira:
1. fasea.-Lanen hasiera
Lanak hastean, PAESa dinamizatzeko jarraipen-batzorde bat eratuko da, prozesu guztian agertuko diren proposamenen jarraipena egiteko eta horiek balioztatzeko.
2. fasea.- Energia-kontsumoen eta BEG isurketen inbentarioa
Bigarren fasean, BEG isurketen udal-inbentarioa egingo da, jarduera-sektore nagusietan antolatuta. Sektore bakoitzak klima-aldaketan zenbat eragiten duen identifikatzea du helburu, eta, orobat, estrategia orokorrak eta aldaketa moteltzeko helburuak finkatzeko informazioa izatea udal-kudeaketari eta aplikatu beharreko PAESari begira.
3. fasea.- Udalaren diagnostiko estrategikoa, efizientzia energetikoari eta BEG isurketei buruz.
Udalerriko BEG isurketen inbentarioa egin eta gero, diagnostiko estrategikoa egiteko ordua izango da. Udalerriko energia-kudeaketaren alde askotarikoak analizatu eta balioetsi egingo dira.
4. fasea.- Energia iraunkorraren aldeko ekintza-plana
Fase honetan agertuko da Amurrioko Udala Alkateen Itunari atxikitzeko helburu nagusia zein izan den: energia-kontsumoa gutxitzeko eta klima-aldaketa moteltzeko estrategia tenporizatu bat izatea. Estrategia horrek programak eta ekintzak izango ditu, kronograma ekonomiko batean antolatuta.
5. fasea.- PAESaren jarraipen-plana
Udalak PAESa egin ostean, jarraipena egiteko proposamen espezifiko bat diseinatuko da; diseinu horretan zehaztuko da zer sistema erabiliko den planak biltzen dituen neurriak zenbateraino bete diren kontrolatzeko eta ebaluatzeko. Honako hauek izango ditu jarraipen-planak: PAESen jarraipenerako adierazleak eta PAESa zenbateraino bete den ebaluatzeko adierazleak.
Informazio hau guztia eta gehiago AMURRIO PAES webgunean ikusgai.