Pasa den urteko abenduaren 23an Amurrioko Gazte Asanbladak Udalari 'Gazte lokala' proiektua aurkeztu zion eta orain dela bi aste proiektuari buruzko erantzuna jaso behar zuela diote herriko gazteek.
Gazte asanbladaren ustetan “Erantzunik ez jasotzeaz gain, udalak gutaz paso egin du”. Baina azkenean, orain dela bi aste hainbat dei egin ostean, urtarrilaren 31n bilera egiteko data ezarri zuten Udaletxetik, ez hasiera batean adostu zen bezala gazteon esanetan.
Asanbladak dioenez “hilabete daramagu erantzunaren zain eta oraindik esperoan jarraitzen dugu, beraz, hau joko bat ez dela argi uzteko mobilizazio egunak antolatu ditugu. Bost urte daramazkigu lanean eta ez da alferrikako lana orain artean egindakoa, kalean gaude eta kalean ikusi behar gaituzte”
Herrian gazteek eta ez hain gazteek aldarrikatzen duten gazte lokalaren arira garrantzi handiko bileraren zita bihar izango da eta egun honetarako gazteek 17:00tan asanblada bat egingo dute plazan erantzuna zabaltzeko. Jendeari mobilizazio eta asanbladetzan parte hartzera animatzen dute asanbladatik
Azken astetan hainbat jarduera eta tailer antolatu dituzte asanbladakoek, eta herriko plazan egin direnak Udaletik oztopatuak izan direla gogoratu dute gazteek.
Bestalde, sinadura bilketa bati ekin diote proiektuaren alde herrian gazte lokal bat lortzeko.