Amurrio Antzokian arratsaldeko zortzietan hasi zen 2011ko Guk Sariaren gala. Oraingoan, saria emateko batzordea Amurrioko Udalak, Amurrio Bidean elkarteak (Tokiko Garapenerako Elkartea) eta Apymcak (Amurrioko merkatari txiki eta ertainen elkartea) osatzen zuten, eta batzorde horrek eskertu egin nahi izan du talde horrek udalerrian egiten duen lan aktibo eta dinamikoa.
Elkarte horrek urtean zehar egiten dituen jarduera guztietatik ezagunena Gorobel Ibilaldia da. Baina hori ez da, ordea, mendiaz eta naturaz gozatzeko proposatzen digun hitzordu bakarra. Antolatzen dituzten ekintzen egutegian, denetarik dago: naturari eta mendiari buruzko jardunaldiak, mendi-irteerak udan zein neguan, elurretara irteerak, eskola-kirola, alpinismo ikastaroak, eskalada eta mendiko eskia, ibilaldi soziala… Taldeak 1.000 bazkide baino gehiago eta 450 federatu inguru ditu gaur egun.
Herriko musika eskolako hainbat musikarien laguntzaz egindako galan, Mendiko Lagunak Taldeak 2011ko Urrezko Guk saria eta Makila jaso zituen, aurreko edizioa irabazi zuen laguntza eta harrera taldearen, Laguntza elkartearen eskutik. Horrez gain, talde irabazleak 2012ko herriko jaien pregoia irakurriko du. Gainera, 2012. urtean oso berezia da talde irabazlearentzat; izan ere, 50. urteurrena ospatuko du, urrezko ezteiak alegia.
Iratxe Estradak Laudio irratiko kazetariak aurkeztutako galan, Josune Irabien Amurrioko alkatea, herriko musika eskolako eskolaniak, emakume koroak eta orkestrak, txistulari eta dantzariak, mendi taldearen lehendakari ohiak, Laguntza elkartearen ordezkariarekin batera plazaratu ziren antzokiko eszenatokian.
Urrezko Guk intsigniak Angel Caminoren eskultura, Juan Urrutia parkean dagoena, irudikatzen du. Duela 11 urte sortu zuen Amurrioko Udalak sari hau, udalerriaren bizitza hobetzen eta udalerriaren izena hedatzen laguntzen duten Amurrioko herritarren, taldeen eta erakundeen ibilbide nabarmena eta publikoa saritzeko. Honako hauek izan dira 11 urteotako saridunak: laguntza eta harrera eskaintzen duen Laguntza taldea (2010), Udalaren Musika Eskola (2009), Amurrio Ferrocarril y Equipos enpresa (2008), Pepe Gancedo txistu-egile artisaua (2007), Arabako Txakolina (2006), Manuel Hidalgo atleta (2005), Federico de Barrenengoa historiagilea, idazlea eta Euskaltzaindiko ohorezko euskaltzaina (2004), Fernando Urkijo Amurrio Futbol Taldeko presidente ohia (2003), Inmaculada Saratxaga orkestra-zuzendaria (2001, eta Scout Taldea (2000).